Southampton FC: santu zuri-gorriak

0

Laster lehoiak Ingalaterrara joango dira, eta bi partida jokatuko dituzte han. Lehendabizi Southampton FC izango dute aurkari St Mary ‘s Stadiumean (abuztuaren 7an, 16:00etan) eta hurrengo egunean Marcelinoren jokalariak Anfieldera joango dira Liverpool FC taldearen aurka jokatzeko (abuztuaren 8an, 17:00etan).

Southampton FC, ‘santuak’ bezala ere ezagunak direnak, Ingalaterrako lehen mailako futbolaren ohiko taldeetako bat izan da azken 55 urteetan. Aurreko denboraldian, Ralph Hasenhüttlen gizonek 15. postuan bukatu zuten Premier League-a, eta Danny Ings izan zen golegile nagusia 12 tantorekin.

Athleticen kolore berdinak eramateaz gain, lehoien eta santuen arteko lotura historiko asko daude. Hegoaldeko kostaldeko klubari buruzko zenbait datu bildu ditugu, taldea eta hiria hobeto ezagutzeko:

  • Kluba 1885ean sortua izan zen Ingalaterrako St. Mary Elizako Gazteen Elkartearen eskutik, eta hortik dator ‘santuak’ ezizena.
  • 1966an igo ziren lehen aldiz Ingalaterrako futbolaren maila gorenera, eta ordutik 43 denboraldi egon dira Premier Leaguen.
  • Orain arte, santuen titulu handi bakarra 1976ko FA Cup txapelketa da. Southampton FCek 1-0 irabazi zion Manchester Unitedi garaikurra altxatzeko.
  • Bi taldeek bost aldiz jokatu dute elkarren aurka. Lehen partida UEFA Kopan izan zen 1971-72 denboraldian, eta azkenengoa, berriz, St Mary ‘sen 2016-17 denboraldi-aurrean.
  • Athleticeko kamiseta gorri eta zuriak Southampton FC taldetik datoz. 1910ean, Juan Elorduy jokalari eta zuzendaritza batzordeko kideak ekipazioak erosi zituen hirian zegoela eta ferryaren zain zegoela Bilbora itzultzeko.
  • Raimundo Lezama, Athleticeko atezain ospetsuak, Southampton FCen hasi zuen bere ibilbidea, Espainiako Gerra Zibilean errefuxiatu gisa hirira joan ondoren. Bigarren Mundu Gerran Santuekin partida ez ofizialetan jokatu zuen.
  • Matt Le Tissier, Southampton FCeko erasoko erdilari ohiak, Athleticen One-Club Man saria jaso zuen lehenengo jokalaria izan zen.
  • Southampton FCek harrobi bikaina du, eta, bertatik, nazioarteko futbolariak irten dira: Alan Shearer, Matt Le Tissier, Gareth Bale, Theo Walcott, Adam Lallana, Alex Oxlade Chamberlain, Luke Shaw, James Ward-Prowse (taldeko kapitaina) eta beste asko.
  • 2001az geroztik St Mary ‘s Stadiumean jokatzen dute, 32.000 ikuslerentzako edukierarekin. Hori baino lehen, The Dell zelaian jokatu zuten 1898tik aurrera.
  • Santuek Portsmouth FC taldearekin lehia gogorra dute. “Hegoaldeko Kostako derbia” bezala ezagutzen da.
  • Southampton hiria Hampshire konderrian dago, eta Europako merkataritza-porturik handienetako eta jendetsuenetako bat du. Hiriko portuan, erregularki, munduko gurutzaontzirik handienetako batzuk ikus daitezke.