Droga-trafikoan eta kapitalak zuritzean espezializatutako delinkuentzia-sare bat desegin dute

0
  • Ongi egituratuta zeuden eta modu independentean jarduten zuten lau delitugile talde
  • 27 atxilotu, horietako hiru Euskadin, su-armak, polizia-uniformeak, purutasun handiko ia 240 kilogramo kokaina, 43 higiezin enbargatuta, 121 ibilgailu blokeatuta eta 58 kontu hartuta eta ia 700.000 euro atzemanda
  • Auziperatuek hondo bikoitz sofistikatuak zituzten ibilgailuetan dirua eta droga garraiatzeko

Ertzaintzako eta Guardia Zibileko, Madrilgo Komandantziako Polizia Judizialeko Unitate Organikoko Delitu Ekonomikoen Taldeko eta Unitate Zentral Operatiboko, baliabideek, udaltzaingo batzuen laguntzaz, delinkuentzia-sare konplexu bat desegitea lortu dute. “Águila Madrid» izeneko ikerketak modu independentean jarduten zuten baina kokainaz hornitzeko talde nagusi bakar batean bat egiten zuten lau delitugile talde hauteman zituen. Une batzuetan Estatu Batuetako Drug Enforcement Agency – Drogaren Aurkako Agentziaren (DEA) laguntza ere izan dute, ikertuetako batzuei buruzko informazioa lortzeko.

Guztira 23 etxe miatu dituzte Bizkaian, Madrilen eta Valladoliden, eta guztira purutasun handiko 239 kilogramo kokaina eta 754 gramo haxix-erretxin atzeman dituzte. Horrez gainera, kokaina aizuntzeko laborategi bat desegin dute Getafen (Madril), eta atzemandako droga aizuntzeko aitzindari-kopuru handiak zeuden bertan. Bestalde, 697.000 euro ere atzeman dituzte dirutan. Horrez gainera, bost su-arma, arma debekatuak eta arma zuriak ere atzeman dituzte, eta “polizia full” moduan jarduteko argi-elementuak eta polizia-uniformeak” aurkitu dituzte.

Kokaina hornitzeko elkarrekin konektatutako lau antolakunde

Ikerketari 2018ko udaberrian eman zitzaion hasiera, Madrilgo komandantziako delitu ekonomikoetako agente adituak gama altuko autoen salmentaren bidez kapitalak zuritzearekin zerikusia izan zezakeen dokumentazioa aztertzen ari zirenean. Ikerketaz arduratzen ari ziren agenteek ikusi zuten hainbat delitugile talde elkarrekin harremanetan zeudela, eta lotura elementua Hego Amerikatik zuzenean iristen zen kokaina hornitzen zien talde bat zela.

Agenteek sare guztietako kide guztiak identifikatzea eta atxilotzea lortu dute. Gehienek polizia-aurrekariak dituzte, eta desegin duten taldeetako batek lotura estua du eskuin muturrarekin. Horrez gainera, buruetako batzuek aurrekariak dituzte homizidioagatik.

Egiturak kokaina kopuru handiak banatzen zituen Bizkaian, Madrilen, Toledon, Salamancan, Leonen, Valladoliden, Asturiasen, Kantabrian, Zaragozan eta Burgosen.

Kapitalak zuritzea

Atxilotuak adituak ziren kapitalak zuritzean, eta agenteek 5. Instrukzioko Epaitegi Zentralaren titularrari eskatu diote 750.000 eurotik gora dituzten 203 banku-kontu eta Espainiako 43 higiezin blokeatzeko, eta, gainera, 121 ibilgailu ere blokeatu dituzte, gehienak gama altukoak.

Hondo bikoitzak dirua eta droga garraiatzeko

Kokaina banatzen zuen antolakundea Madrilen zegoen errotuta, eta bertara hurbiltzen ziren beste sare batzuetako kideak droga-transakzioak egiteko. Alarma-egoeran lanean aritzearen itxurak egiteko diseinatutako egiturak erabili zituzten, eta horri esker mugitu ahal izan ziren eta saihestu ahal izan zituzten polizia-kontrolak. Transakzioak egiteko segurtasun-neurri handiak hartzen zituzten, eta telefono enkriptatuak edo maiztasun-inhibitzaileak zituzten, bai eta segurtasun-lanetan aritzen ziren pertsonak ere.

Droga edo dirua ez atzematea lortzeko, hondo bikoitz sofistikatuak egin zituzten ibilgailuetan, eta horri esker kokaina edo dirua modu seguruan garraiatu zezaketen.