Asteburuko ekitaldiak Zarautzen

0

Gaur goizean izandako prentsaurrekoan Xabier Txurruka alkateak datorren asteburuan, Ama Birjinaren egunaren inguruan, Zarautzen antolatu diren ekitaldien berri eman du. Aurten ere, COVID-19ak ekarri duen pandemia egoera honengatik, udan zehar izandako ospakizunek guztiek eraldaketak jasan dituzte momentuan indarrean dauden osasun neurriak errespetatzeko.

“Gaur egungo egoerak ez digu baimentzen su artifizialak edota kontzertu jendetsuak antolatzea. Egoera honi ahalik eta azkarren buelta emateko eta normaltasun batera itzultzeko zaintzen eta gure esku dagoen guztia egiten jarraitu behar dugu” adierazi du Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak. “Testuinguru honetan, zarauztarrek eta bisitariek modu arduratsu batean eta indarrean dauden osasun neurriak errespetatuz goza dezaten egitarau bat prestatu dugu”.

Kasu honetan, asteburu honetako ekitaldiak, abuztuaren 13an Lizardi Aretoan izango den Seguridad Social taldearen kontzertuarekin hasiko dira. Kontzertu honetarako sarrerak Modelo Aretoko txarteldegian eskuratu ahal izango dira bihartik aurrera.

Abuztuko hirugarren asteburu honetan estropadek pisu handia izango dute. Larunbat goizean ARC-2 eta ETE Ligetako estropadak lehiatuko dira Zarautzen, herriko traineruen parte hartzearekin. Arratsaldean, 17:40etatik aurrera, Euskotren Liga eta Eusko Label Ligako traineruen txanda iritsiko da, Zarauzko XIII. eta XLIV. Ikurriñen lehen jardunaldiarekin. Igandean, aldiz, 11:30etatik aurrera, ikurriñen bigarren jardunaldia jokoan jarriko da. Zarauzko Enbata ere lehian izango da.

Kirolarekin jarraituz, pilotak ere bere tartea izango du Zarautzen, CaixaBank Mastersaren jardunaldiarekin. Txapelketa honen baitan lehiatuko da Jaka-Tolosa eta P. Etxeberria-Albisu bikoteen arteko partida. Honez gain, Bengoetxea VI-Elizegi eta Salaberria-Ladis Galarza partida ere jokatuko da jaialdian.

Larunbatean eta igandean (abuztuak 14 eta 15) etxeko txikienek, eta ez ain txikiek ere, Zarauzko erraldoiak ikusteko aukera izango dute Lege Zaharren enparantzan, larunbatean 18:00etatik 19:00etara eta igandean 12:00etatik 13:00etara.

Santa María la Real parrokian Schola Cantorum koroak abestuko du larunbateko salbean (20:00) eta igandeko Meza Santuan (10:30).

Amaitzeko, Zarauzko plazak ere musikaz beteko dira asteburuan zehar. Larunbatean, Musika plazan, Los Txamukos taldearen kontzertua izango da 20:00etan. Igandean, berriz, Eganen txanda helduko da Lege Zaharren enparantzan 19:30etan egingo duten emanaldiarekin, eta amaitzeko, astelehenean Azabache taldeak joko du 22:00etan Udaberri pareko plazan.