Donostiako Udalak kulturaren alde egiten duen apustua erakutsiko du argazki-erakusketa baten bidez

0

Donostiako Udalak, Donostia Festak-en bidez“Kontsumitu Kultura” argazki-erakusketa jarri du abian. Erakusketa hau hiriak kulturaren alde egiten duen apustuaren eredu da, eta gozamenetik eta ikaskuntzatik hura kontsumitzen jarraitzeko gonbita egiten die donostiarrei.

Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, “erakusketa honek kulturak gure hiriarentzat duen garrantzia islatu nahi du. ´Produktu´ horren aldeko apustua egin du beti Donostiak, baita sektorearentzat hain zailak diren une hauetan ere. Izan ere, bertako produktua da, ez du kutsatzen eta ez da iraungitzen; ezin hobea da edozein unetan eta egoeratan kontsumitzeko, eta, gainera, modu askotan aberasten gaitu”.

Erakusketa

Erakusketa abuztuaren 6tik irailaren 12ra bitartean izango da Bulebarrean, eta urtean zehar gure hiriaren kultur munduan gertatzen den guztiaren erakusgarri txiki bat da. Hiri kulturala da gurea, non emozio eta bizipen guztiak posible diren.

Guztira, 13 panelek hainbat argazki erakutsiko dituzte, honako sentimenduak azaltzeko helburuarekin: Donostiarrengan danborradak eragiten duen EMOZIOA eta kidetasun-sentimendua, Jazzaldiak bertakoei eta kanpotarrei helarazten dien INSPIRAZIOA, literaturaren bidez Literaktumek eskaintzen digun ASKAPENA, San Telmoko erakusketek ekartzen dizkiguten eta AURKITZEKO ditugun munduak edo San Tomaseko feriak gure sustraiei eta historia kolektiboari eusteko gogorarazten digun NORTASUNA.