Bizkaiko Foru Aldundiak 2018az geroztik eskaintzen duen garbigune mugikorren zerbitzua hobetuko du, mota horretako lau edukiontzi berri erosiz. Horri esker, zerbitzua aldi berean eman ahal izango da udalerri gehiagotan, eta udalerri bakoitzean instalatzen diren maiztasuna eta denbora handitu egin ahal izango da. Hobekuntza hori gure lurraldeko udalekin adostu da, eta Garbikerrek eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak hondakinen kudeaketaren arloan ezarririk dituzten etengabeko hobekuntzaren arloko prozesuen barruan kokatzen da.
Zerbitzu honek birziklapena herritarrengana hurbiltzeko helburua bete du eta, horrezaz gainera, gizartearen babes handia duen ekimen oso positibo gisa finkatu da. Garbigune mugikorrei erabilera zabala eman zaienez, bi norabidetan bideratutako hobekuntzak planteatu ditugu zerbitzuan. Alde batetik, garbigune mugikorren kopurua bitik seira igo da, eta, horrenbestez, zerbitzua udalerri gehiagotan eman ahal izango da aldi berean. Eta, beste alde batetik, garbigune horietako bakoitzak herrietan igarotzen duen denbora eta maiztasuna handitu dira. Baldin eta orain arte urtean behin astebetez egoten baziren leku berean, orain bi astez eta urtean bitan egongo dira. Hobekuntza horiek gure lurraldeko udalekin adostu ditugu, eta aplikatu egin ditugu; izan ere, garbigune mugikorretan ematen dugun zerbitzua hurbiltzen dugun heinean, errazago erabiltzen dugu eta, hainbestez, Bizkaiko hondakinen kudeaketa hobetzen laguntzen ari gara
, azaldu du Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak. Udalerrietako zentroetan egongo diren bi asteetan, edukiontzi horiek eguneko 24 orduetan erabili ahal izango dira.
Lau garbigune mugikor berriek zerbitzu hori ematen zuten aurreko bien estetika eta funtzionaltasuna mantenduko dute. 2 x 1,20 x 3,80 metro dituzte eta baserri itxura dute. Metalezkoak dira, eta sendoak (ekintza bandalikoei aurre egiteko modukoak). Pilak, CDak, DVDak eta cassetteak biltzeko prestatuta daude; honako gaiak jasotzeko ere prestaturik daude: etxeko olioa, etxetresna elektriko txikiak (plantxak, irabiagailuak, mikrouhin-labeak…), aerosolak, kableak, mugikorrak, sukaldeko tresnak (zartaginak, lapikoak…), metalezko eta plastikozko ontzi kutsatuak (pinturak eta disolbatzaileak), xurgatzaile kutsatuak (pinturak eta disolbatzaileak), kontsumigarri informatikoak (tinta-kartutxoak eta tonerrak), kafe-kapsulak (metalezkoak eta plastikozkoak) eta erradiografiak.
Era berean, garbigune mugikorren instalazioaren berri astebete lehenago emango zaie herri bakoitzeko herritarrei, garbigune mugikorretan onartzen diren hondakinak uzteko antolatu ahal izan daitezen.