Lezama Cup harrobiko garaikurra

0

Lezama Cup harrobiko garaikurra sortzea erabaki du Athleticek, harrobi zuri-gorriaren 50. urteurrena ospatzeko. Txapelketaren lehen edizioa larunbat honetan, hilak 14, ospatuko da, 12:00etan. Lehen aurkaria Real Sporting de Gijon izango da, 1978an sortu zen Mareo Eskolaren omenez (Lezama baino zazpi urte beranduago sortu zen, azpiegitura zuri-gorrian inspiratuta).

Jon Solaunek zuzentzen duen Ohorezko Mailako Athleticek Xixongo taldearen aurka neurtuko ditu indarrak, Youtubeko gure kanalean streaming bidez emango den eta 3. zelaian jokatuko den norgehiagokan.

Larunbata borobilagoa izan dadin, Klubak ate irekien jardunaldi bat diseinatu du Lezaman, Covid-19ri dagozkion murrizketen barruan. Gauzak horrela, bazkideek hiru ekitaldi ezberdin ikusteko aukera izango dute: Marcelino Garcia Toralen gizonen entrenamendua 1. zelaian (11:00etan), lehen aipatutako Athletic-Sporting 3. zelaian (12:00etan) eta Bilbao Athleticen eta Racingen arteko lagunartekoa 1. zelaian (17:30ean).

1. zelaiko bi ekitaldietan 152 pertsona sartuko dira. Lehen taldearen entrenamendua ikusteko sarrerak bazkideentzat izango dira guztiak. Bilbao Athleticen partidarako, Lezamak 25 gordeko ditu, bat bigarren taldeko jokalari bakoitzeko, beraz, 127 izango dira bazkideen esku geratuko direnak. 3. zelaian jokatuko den jubenilen partidarako 100 bazkide sartu ahal izango dira.

Hiru ekitaldietan, posta elektronikoz izena ematen duten lehenengo bazkideak izango dira Lezamara joango direnak, gehienez ere bi laguntzailerekin. Izena emateko epea ostiral honetan, hilak 12, 13:00etan amaituko da.

Interesa duten bazkideek entrenamenduak@athletic-club.eus helbidera idatzi beharko dute, eta honako datu hauek sartu:

  • Izen abizenak
  • NAN zenbakia
  • Bazkide kodea
  • Ikusi nahi duen entrenamenduaren edo partidaren data eta ordua adierazi

Laguntzaileren batekin joan nahi izanez gero, bazkideak izan edo ez, honako hauek gehitu beharko dituzu:

  • Laguntzailearen izen abizenak
  • Pertsona horien NAN zenbakiak

Ez da zozketarik egingo, baizik eta izen-ematearen hurrenkeraren arabera zehaztuko da irabazleen zerrenda. Onuradunak NAN zenbakiaren bertaratu beharko dira Lezamara. 1. zelairako sarbidea oinez izango da, sarrera nagusitik. Lurpeko aparkalekuaren sarreratik sartuz gero, ibilgailua aparkatu ondoren, oinez egin beharko da 8. eta 6. zelaien kanpoko perimetroa sarrera nagusiraino, Lezamako obrek ezinezkoa egiten baitute instalazioen barrualdea zeharkatzea.

3. eremurako sarbidea lurpeko aparkalekuaren sarreratik izango da, eta bertan utzi ahal izango dira ibilgailuak. Ondoren, sarrerako tornuetatik sartu beharko dute.

Zelaietara sartzean, tenperatura-testa egingo da (ezingo da sartu 37,5 gradu edo gehiago edukita), eta gel hidroalkoholikoa egongo da eskuak garbitzeko. Nahitaezkoa izango da maskara jantzita eroatea. Entrenamenduak eta partidak irauten duen bitartean komunetara joateko bakarrik utzi ahal izango da eserlekua, eta ezingo da jokalariekin banakako argazkirik atera, ezta autografoen sinadurarik eskatu ere, COVIDen arreta-neurriak errespetatze aldera.

Edukiera murrizketak direla eta, erantzukizunez jokatzea eskatzen diegu bazkideei, eta Lezamara joan ahal izango direla ziur ez badakite izena ez emateko. Klubak ‘Txapelgorrien’ dispositibo berezi bat prestatuko du bertaratzen direnei edozein unetan laguntzeko eta sor daitezkeen zalantzak argitzeko.