Alazne Barcenak egingo du ohorezko sakea Barçaren aurka

0

Athletic Club Fundazioaren Patronatuak dagoeneko erabaki du FC Barcelonaren aurkako partidan zaleak ordezkatuz ohorezko sakea egingo duen pertsonaren izena. Alazne Bárcena du izena, 27 urte ditu, eta pandemiaren garaian hil zitzaion aita omentzen du haren istorioak.

Patronatuak agerian utzi nahi du zaila izan dela istorio bakarra aukeratzea. Lan eskerga izan da, ohorezko sakearen saria ere merezi zuten beste kontakizun asko baztertu behar izan baitituzte. Hori dela eta, eta haren eskaerari erantzunez, Athleticek erabaki du parte hartu duten beste bi istorioren protagonistek Alazneri laguntzea zale zuri-gorri guztiei egingo zaien omenaldian. Horiek Juan Bonilla (97 urte) eta Ekain Begoña (16 hilabete) izango dira. Horrela, San Mameseko berdegunean belaunaldi ezberdinak egongo dira ordezkatuta, XIX. mendean jaio zenetik klub paregabe hau ostatu duen kate bakarraren katebegiak.

Bideoak eta aukeraturiko 11 istorioen argitalpena

Athletic Clubek, abuztuaren 17tik (asteartea) 20ra (ostirala), partidaren bezperan, jasotako lau istoriotan oinarritutako lau bideo argitaratuko ditu bere webgunean eta ohiko kanaletan.

Lehenengo bideoko protagonista Alex Axpe bazkidea da. Madrilen ikasten du eta Euskal Herritik kanpo bizi diren bazkide guztiak ordezkatzen ditu, distantzia handia gorabehera zuri-gorri izaten jarraitzen baitute. Asteartean, hilaren 17an, emango da.

Bigarren bideoaren protagonistak Luis Del Portillo, Irantzu Del Portillo eta Ekain Begoña dira, familia zuri-gorri guztiak ordezkatzen dituzten bazkideen hiru belaunaldi. Bideo hori asteazkenean, hilaren 18an, emango da.

Hirugarren bideoaren protagonista Iker Garay da, Basurtuko Larrialdietako medikua. ohorezko sakea egitea hirugarren pertsona batentzat —eta ez eurentzat— eskatu duten bazkide guztiei eskainita dago bideoa. Ostegunean, hilaren 19an, emango da.

Azkenik, laugarren bideoa Alazne Bárcena protagonista duen istorio irabazlearena izango da. Pandemian zehar maite dituzten pertsonak galdu dituzten eta horien omenez ohorezko sakea egitea eskatu duten bazkide guztiei eskainita dago.

Gainera, larunbatean, hilaren 21ean, bertan, eta partidaren buletinarekin batera, Athletic Clubek hamaika istorio biltzen dituen gehigarri berezi bat argitaratuko du, aurreko laurak eta beste zazpi, ehun istorioren baino gehiagoren artean aukeratutakoak. Horrela, eta guztiak argitaratzea ezinezkoa denez, parte hartu izana aitortu eta eskertu nahi zaie lehiakide guztiei. Hamaika istorio horietako edozeinek beste guztiak ordezkatzen ditu, eta, horregatik, Athletic Clubentzat jasotako kontakizun guztiak irabazletzat har daitezke.