Athletic Clubek XI. Euskal Herria Kopan parte hartuko du

0

Athletic Clubek emakumezkoen Euskal Herria Kopan parte hartuko du uda bat gehiago. Pandemiaren ondorioz, Euskal Herria Kirola elkarteak 11 euskal talde sartu behar izan ditu, eta hamaikagarren edizio honetan bi taldetan banatuko dituzte. Lehoiak A multzoan kokatu dira, Lehen Mailan jokatzen duten lau taldeekin: Reala, SD Eibar, Deportivo Alaves eta Athletic bera. B multzoa larunbat honetan hasiko da lehian, U.D Mutilevera, C.D Aurrera de Vitoria, S.D San Ignacio, Bizkerre F.T, Añorga K.E.E, Oiartzun K.E eta Angeluko Isatsak talde lapurtarraren partaidetzarekin.

Datorren igandean, abuztuaren 22an, 12:00etan, A multzoko finalerdietan zurigorriek Eibarren aurka neurtuko dituzte indarrak, Faduran (Getxo). Egun eta ordu berean, baina Loinatzen (Beasainen), Realak eta Alavesek jokatuko dute finalerako beste txartela. Horrela, gurutzaketa bakoitzeko irabazlea abuztuaren 29an, igandean, Azti zelaian (Zarautz) 16:00etan aurreikusita dagoen finalera igaroko da. Finalerdietan eroriko diren bi taldeek kontsolazio partida jokatuko dute Oñatin larunbatean, hilaren 28an, 18:00etan.

Antolatzaileek adierazi duten bezala, zaleak partidak ikustera gerturatu ahal izango dira; iaz ez zen horrelakorik gertatu, pandemiaren ondorioz. Aurten, futbol-zelai bakoitzak bere mugak eta sarbideak ezarriko ditu.

Athletic Club vs Reala, beti finaletan

Lehoiek edizio guztietan parte hartu dute 2011tik, eta guztietan Realaren aurka jokatu dute finalean. Azken bi udetan talde txuri-urdinak garaipena lortu du, nahiz eta lehoiek EH Kopa zazpi aldiz irabazi duten historian zehar (2011, 2013, 2014, 2015, 2016, 2017, 2018).