Zeuk Esan zerbitzuak artatutako kontsultak % 41,8 igo dira

0

Zeuk Esan haurrei eta nerabeei laguntzeko Eusko Jaurlaritzaren telefonoa da, eta 2021eko lehenengo seihilekoan 1.207 kontsultari erantzun zien; zifra horrek larregi gainditzen ditu 2020ko aldi berean jasotako 851 deiak (% 41,8). Agintzarik kudeatzen duen zerbitzu honi buruzko balantzearen arabera, 648 dei egin dira –dei batean kontsulta bat baino gehiago egin daitezke–, iaz baino % 15 gehiago, iazko aldi berean 561 dei egin baitziren.

Bestalde, Zeuk Esan zerbitzuaren 166 111 zenbakiaren erabilpena areagotu egin da aurtengo lehenengo sei hilabeteetan; izan ere, 2013, 2014, 2015 eta 2017 urteetan, urte osoetan, baino kontsulta gehiago jaso dira.

“Gure balorazioa guztiz positiboa da”, adierazi du Irune Muguruzak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Familia eta Haurren zuzendariak. “Gure ustez, bata bestearen atzetik egindako kanpainek lagundu dute zerbitzua ezagutzera ematen. Eta hori guztia lagungarria da haurren eta nerabeen ongizatearekiko herritarren sentsibilizazioa areagotzeko”, argitu du Muguruzak.

Zeuk Esan zerbitzuaren 116 111 telefonoa doakoa eta erabat anonimoa da, eta, gainera, webgune bat, sare sozialak, bideo-kanala eta identifikaziorik eskatzen ez duen kontsulta-postontzia ditu. Zerbitzua bideratu da kontsultak ez egitea eragin lezaketen oztopoak saihesteko.

Agintzaritik azaltzen dutenez, “pandemia-egoerak gizarteko, familietako eta berdinen arteko harremanei eragiten die”, eta horrek, aldi berean, “dei gehiago egitea dakar, ezinegon psikologikoak eta harremanetan sortutako arazoek bultzatuta”. Bestalde, “haurrek eta gazteek, eskolara itzultzean, orain arte inoiz izan ez den egoera berri bati egin behar izan diote aurre”, nabarmentzen dute. Kontsultak bakardade eta tristura sentimenduei buruzkoak izaten dira, eta nerabezaroko etapa batzuetan ohikoak izan arren, “orain lehen baino maizago agertzen ari dira”, adierazi dute.

Kontsulta-motak

Zerbitzu honetara jo dezakete bai adingabeek bai euren kargura adingabeak dituzten pertsona helduek. 2021eko lehenengo seihilekoan adingabeek egindako 597 kontsultetan nabarmentzekoak dira ezinegon psikologikoarekin zerikusia dutenak, 186 (% 31,1); familia-harremanekin lotutakoak, 143 (% 23,9); berdinen arteko jazarpenari buruzkoak, 89 (% 14,9); eta berdinen arteko harremanekin zerikusia duten hainbat gairi buruzkoak, 82 (%13,7).  Bestalde, afektibitatearekin eta sexualitatearekin lotutako 58 kontsulta egin dira (% 10).

Beste aldetik, euren kargura adingabeak dituzten pertsona helduek egindako 604 kontsulten artean nabarmentzekoak dira berdinen arteko jazarpenarekin zerikusia dutenak, 221 (% 36,5); ezinegon psikologikoarekin lotutakoak, 133 (% 22); eta familia-harremanei buruzkoak, 84 (% 13,9). Haurren babesik eza ez da adierazgarria adingabeentzat, baina pertsona helduek egindako 51 kontsultaren gaia izan da (% 8,4).

Alde horretatik, Agintzariko profesionalek azaltzen dutenez, “zifretan joera berri bat hauteman da: adingabeek familia-harremanei, ezinegon psikologikoari eta berdinen arteko harremanei buruz egindako deietan izandako igoera. Gai horiek lehen ere kontsulta gehien sortzen zutenak ziren, eta orain deietan igoerarik handiena izan dutenak dira. Ikasturte amaiera oso gogorra izan da; urte osoan emozioei eusteko ahalegin handia egin da, eta bukaeran askatu egin dira”.

Bestalde, pertsona helduen kezka nagusiek berdinen arteko jazarpenarekin dute zerikusia. Alde horretatik, Agintzaritik azaldu dute pandemiak “zenbaitetan”, agian, jazarpena beste foro batzuetara desbideratu duela, hala nola, sare sozialetara eta WhatsApp-era. “Ikastetxera itzultzean”, adierazi dute, “berriz agertzen da jazarpena; izan ere, ezeztatzeko lan egiten ez bada, hor jarraitzen du. Eta, dirudienez, berdinen arteko indarkeria horrek ikastetxeko mugak gainditzen ditu eta kalean bistaratzen da”.

Lurraldez lurralde eta hilabetez hilabete

Lurraldeen arabera sailkatuta, Bizkaiak Euskadiko biztanleriaren erdia baino gehiago du (% 52,25), eta bertatik 276 dei (% 42,6) egin ziren; Gipuzkoak biztanleriaren % 32,7 du, eta bertatik 196 dei (% 30,2) egin ziren; Arabak biztanleriaren % 15 du eta bertatik 99 dei (% 15,2) egin ziren. Egindako 77 deitan ez zen lurraldea adierazi.

Denbora-banaketak ez du alde nabarmenik aditzera ematen hilabetez hilabete. Horrela, hilero ehun bat pertsona jarri ziren zerbitzuarekin harremanetan, eta hilabetean batez beste 200 kontsultari erantzun zitzaien. Alde horretatik, martxoa izan zen eskaerarik handiena izan zuen hilabetea: 118 dei eta 230 kontsulta.

Adingabeen kasuan kontsultek gora egiten dute adinak gora egin ahala. 12 urtetik beherako 20 pertsonak bakarrik deitu zuten 2021eko lehenengo sei hilabeteetan. 12-15 adin-tartean, aldiz, 121 dei egin zituzten eta 16-18 adin-tartean 178.

Genero-identitatearen araberako segmentazioaren arabera, 167 emakume gisa identifikatu ziren eta 155 gizonezko gisa.

Hamar urtetik gorako zerbitzu aitzindaria

Zeuk Esan zerbitzua adingabeen tratuan espezializatuta dauden gizarte-hezitzaileek eta psikologiako profesionalek ematen dute. Eusko Jaurlaritzak 2010eko urrian abian jarri zuen zerbitzu hau aitzindaria izan zen Estatuan, eta Beatriz Artolazabalen Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren mende dago.

Zeuk Esan zerbitzuak pandemiarekin zerikusia duten kontsultetarako atal berezi bat gaitu zuen bere webgunean orain dela hilabete batzuk; izan ere, COVID-19ak goitik behera aldatu du familien eta haurren eta nerabeen eguneroko jarduna. Atal horren helburua da informazio eta bitarteko baliagarriak ematea haurrak eta nerabeak dituzten familiei.