Hiru gizon atxilotu ditu Barakaldoko Tokiko Poliziak asteburu honetan

0

Hiru gizon atxilotu ditu Barakaldoko Udaltzaingoak asteburu honetan, udalerriko hainbat lekutan, Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko zinegotzi Ángel Madrazok gaur adierazi duenez. Agintaritzari eraso egitea egotzi zaie bi gizonezkori: batek burutu egin zuelako erasoa; bestea, berriz, erasotzen saiatzeagatik.

Atxilotzeetako lehenengoa ostiraletik larunbaterako goizaldean gauzatu zen.  00:10ak inguruan jolas areto batetik jaso zuten udaltzainek laguntza jasotzeko abisu bat, bertan lokaletik atera nahi ez zuen gazte bat zegoelako.  Agenteek zeharo aztoratua eta elkarrizketa bati eusteko gauza ez zen 19 urteko gaztea identifikatu zuten.

Hala ere, gazteak ez zuen lokaletik irten nahi, behin eta berriz errepikatzen baitzuen ez zela handik irtengo jolasa amaitu arte.  Azkenean, udaltzainei eraso egiteari ekin zion, eta orduan, atxilotu, eta Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, aztoramendua handia baitzen. «Erasoaren ondorioz,  lesionaturik gertatu ziren bi agente, bai eta hautsita igorgailu bat eta eskularruak ere», deitoratu du Ángel Madrazok.

Gau horretan bertan, 03:00ak inguruan, auzotarren kexa-deiak jaso zituzten,  mozkortutako lagun-talde bat eraikineko tinbreak jotzen ari zelako.  Gertakarien lekura patruila bertaratu, eta haietako batek, 35 urteko JIGN gizonezkoak, Burgosko Villarcayoko Epaitegiaren atxilotze agindu bat zuela egiaztatu zuten. Hori zela eta, atxilotu, eta epailearen esku utzi zuten.

Larunbatetik iganderako goizaldean, bestalde, beste gizonezko bat atxilotu zuen Udaltzaingoak 03:50ean, erdialdeko parke batean gizonezko bati eta atxilotu zuten agenteei eraso egiteagatik.

Patruila batek ikusi zuen nola kolpatzen zuen behin eta berriz Alonsotegiko 30 urteko JSMM gizonezkoak beste gizonezko bat. Bi gizonezkoak bereizten ahalegindu ziren udaltzainak, bai eta borrokaren arrazoiak jakiten ere. Erasotzaileak, ordea, jarrera bortitzez erantzun zien agenteei.  Ez bakarrik, irainduz eta esku-hartzea oztopatuz, baizik eta  parkeko zuhaitz bat behin eta berriro kolpatuz eta polizietako bat erasotzen ahaleginduz.  Horrexegatik ibilgetu eta atxilotu zuten.

Erasoa jasan zuen biktimari, atxilotuaren aurkako salaketa jartzea zuela jakinarazi zioten, adierazi baitzuen ez zela hura izan erasoa jasan zuen lehen aldia.