Larrialdietako zerbitzuek istripua izan duen eskalatzaile bat erreskatatu dute Oizen

0

Gaur, astelehena, arratsaldeko lauak aldera, Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuak Berrizera, Oiz mendira, mobilizatu dira, Ametzorben eskalatzen ari zenean erori eta min hartu duen mendizale bat erreskatatzera. Istripua gertatu den lekura hurbildu diren Ertzaintzaren helikopteroak eta Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko Ataleko agenteek erreskatatu dute zauritua, eta gero Osakidetzaren helikopteroak eraman du Gurutzetako ospitalera.

Gaur arratsaldeko lauak aldera, larrialdiak koordinatzeko SOS Deiak 112 zerbitzura deitu dute mendizale bat, Oiz mendian, Ametzorben, Berrizko udal-barrutian, eskalatzen ari zenean sei metroko altueratik behera erori dela esanez. Kolpearen ondorioz, ondoezik zegoen eskalatzaileak min handia zuen bizkarrean, eta ezin zen mugitu eta ibili.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzako teknikari batek larrialdietako zerbitzuak, horien artean, Ertzaintzaren helikoptero bat eta Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko Ataleko agenteak, bidali ditu lekura, erori denean hartu duen kolpe handiaren ondorioz mugitu ezin zen 19 urteko mendizaleari laguntzera. Eskalatzailea egonkortu ondoren, Ertzaintzaren aireontziak leku seguruago batera eraman du, eta bertan zain zuen Osakidetzaren anbulantziak eraman du gero Gurutzetako ospitalera.