2.281 pertsona heldu ziren Renove Etxea Planera 2020an

0

Bizkaiko Foru Aldundiak indarrean mantentzen du 2021eko abenduaren 31ra arte ohiko etxebizitza berritzeko obren ziozko kenkaria, jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatu eta piztera bideratutako lurraldearen suspertzerako Bizkaia Aurrera! planean jasotako neurrietako bat.

Renove Etxea Plana, zehazki, Bizkaiko eraikuntza-gremioen artean jarduera sustatzera bideratzen da eta bertan % 10eko zerga-kenkaria ezartzen da ohiko etxebizitzan obrak egiteko. Honela, berritzeko obra bat egiten duten pertsonek, beren PFEZaren kuotan, egindako gastuaren % 10 kendu ahalko dute.

Pasa den Errenta20 kanpainan, kenkari hori 2.281 pertsonak erabili dute; 1.787.394 euro guztira. Honela, 2020ko maiatzaren 6tik abenduaren 31ra bitartean plan honetara heldutako etxebizitzak berritzeko obrak, guztira, 17.873.940 eurokoak izan ziren.

Kenkari hori gutxienez 3.000 euroko eta gehienez 15.000 euroko aurrekontua duten berritzeko obrei aplika dakieke, eta kenkari horren onuradun izan daiteke Bizkaian bizi den eta hamar urte baino gehiagoko antzinatasuna duen ohiko etxebizitza berritzeko obrak egin nahi dituen edozein pertsona. Ezinbestekoa da, era berean, obra dagokion udal-lizentziarekin egitea.

Renove Etxea Plana 2021eko ekitaldi honetara hedatu denez, aurten beren ohiko etxebizitza berritzeko obrak egiten dituzten pertsonek kenkari hori aplikatu ahalko dute hurrengo errenta-kanpainan.

Kontuan izan behar da pertsonako gehieneko kenkaria 15.000 eurokoa dela bi ekitaldien artean. Honela, dagoeneko kenkaria erabili duten eta muga hori gainditu ez duten pertsonek berriro erabili ahalko dute kenkaria zenbatekoa osatu arte.

Adibide gisa, pertsona batek 2020an 6.000 euroko obra bat egin bazuen 600 euroko kenkari bat aplikatuko luke errentaren azken kanpainaren bere PFEZren kuotan. 2021ean beste obra bat egingo balu, 900 euroko kenkari bat aplikatu ahalko du gehienez, 1.500 euroko mugara iritsi arte.