Begoñako Ama Birjinari eskaintza

0

Athletic Clubeko lehen taldeek, kapitain eta entrenatzaileek ordezkatuta, eta Zuzendaritza Batzordeko ordezkaritza batek, Aitor Elizegi presidentea buru dela, Begoñako Ama Birjinaren, Bizkaiko zaindariaren, ohiko eskaintza egin dute. Jose Angel Iribar eta Rafa Alkorta kirol zuzendariak ere parte hartu dute amatxuren bisitan. Iaz osasun prebentzioagatik gertatu zen bezala, jende pilaketarik ez sortzeko, ez da ekitaldia publikoki antolatu eta modu pribatuan egin da.

Iker Muniain, Oscar de Marcos, Mikel Balenziaga, Iñigo Lekue eta Iñaki Williams, Marcelino Garcia Toral entrenatzailearekin batera, izan dira gizonezkoen ordezkariak. Emakumezkoetan, Iraia Iturregi, Garazi Murua, Marta Unzue, Ainhoa Moraza eta Vanesa Gimbert izan dira. Joana Martinez, Jon Ander de las Fuentes, Jorge Gomez, Oscar Beristain eta Goyo Arbizu Zuzendaritza Batzordeko kideak izan dira bertan presidentearekin batera.

Jose Luis Achutegui Begoñako parrokoak eman dio hasiera 1930etik antolatzen den ekitaldi honi, eta urte honetan hil diren bazkide eta zale guztien omenez minutu bateko isilunea egin dute. Gure jokalariek Bartzelonari urtarrilean irabazitako Superkopa eraman dute, aurten Atleticoren aurka finalerdia jokatuko duten txapelketan defendatuko duten garaikurra. Bai gizonezkoentzat, baita emakumezkoentzat ere, urte arrakastatsua izatea espero da, baina garaipenik handiena pandemia hau amaitu eta guztiak San Mamesen eta Lezaman biltzea izango litzateke, animoak emateko.