Javier Hurtado sailburuak E-basque Route aurkeztu du prentsaurrekoan

0
PRUEBA

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak The e-Basque Route aurkeztu du gaur. Touringaren esparruko turismo-mugikortasun jasangarrirako proiektu honen helburua Euskadin zehar auto elektrikoan ibiltzea da.

The Basque Route izenburupean bilduta dauden 8 Touring ibilbideen luzapena da The e-Basque Route, eta orain auto elektrikoan egin daitezkeen ibilbideak gehitu dira. Ibilbide horiek egokitzeko, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Sailak ibilgailu elektrikoak kargatzeko Euskadiko gune guztiak bildu ditu webgunean, gune berriak jartzea sustatzeaz gainera.

The e-Basque Route Euskadiko Turismoaren Kode Etikoko printzipioei jarraituz prestatu da, jasangarritasunaren, baliabideak zaintzearen eta bertako kultura eta garapena sustatzearen alde egindako apustuan. Asmoa da urte hauetan garatzen joan den Touring estrategia jasangarritasunetik indartzea, kontuan hartuta horren helburuak direla turismo-baliabideak balioan jartzea, ezagunenak direnez harago; turismoa urte-sasoi ezberdinetan banatzea eta turismo-fluxuak lurralde osoan barrena banatzea; eta turisten egonaldiak luzatzea, eta, horrekin bat, horien esperientziaren kalitatea hobetzea eta zabaltzea.

The e-Basque Route proiektuak bazterrak autoz ezagutu nahi dituzten bidaiariei erantzuten die, eta Euskadiren kasuan asko dira halakoak. Ibilturrek Euskadira iristen diren turisten portaerari buruz azkena egin duen azterlanaren arabera, % 67 euren ibilgailuan etortzen dira, eta turista nazionalen kasuan % 81.

 

Hori dela eta, sailburuak gogoratu duenez, “The Basque Route, eta orain ibilgailu elektrikoarentzat prestatu den bertsio aitzindaria, lehentasunezko proiektua da Euskadirako turismo-helmuga gisa; kontuan izan behar baita, bisitan etortzen direnek autoaren alde egiten duten apustu horrez gainera, ertz batetik bestera 2 ordu eskasean heldu daitekeen eremu geografikoan eskaintza handia dagoela eta gaiak anitzak direla. Gure baliabide eta produktu turistiko guztiak trazatu jakin baten bidez antolatuz aniztasun hori ezagutzera eman dezakegu, baita hain ezagunak ez diren txokoak ere, eta, gainera, gehien bisitatzen diren lekuak deszentralizatzen, turismoa urte-sasoi ezberdinetan banatzen, batez besteko egonaldia luzatzen eta tokiko garapena sustatzen laguntzen digu”.

Horretarako, erakundeekin, udalerriekin, tokiko eta eskualdeko erakundeekin eta sektorearekin, kasu honetan ostatuekin, lankidetzan, ibilgailu elektrikoak kargatzeko lehendik dagoen sarea hedatzeko proposamena egin da. Une hauetan 254 karga gune ditugu Euskadin, horietako 61 Araban, 103 Bizkaian eta 90 Gipuzkoan. Orain beste hiru gune amaitzear daude Lekeition, Zarautzen eta Guardian, eta etapa hasiera eta amaiera izateagatik hautatu dituzte, “turistak leku horietan gelditzen baitira atseden hartzeko eta ibilgailua kargatzeko”.

The Basque Route proiektuaren web-orrian The e-Basque Route izeneko atal espezifiko bat gehitu da, eta bertan daude jasota turismo-ostatuetan dauden karga gune guztiak, ibilbide elektrikoaren mapa eta mugikortasun jasangarriarekin zerikusia duen bestelako informazioa. Web-orritik 8 etapa proposatzen dituzte, eta barne hartzen dituzte 950 kilometro, 3 hiriburuak, 80 herri, 150 bat turismo-leku erakargarri, UNESCOk Gizadiaren Ondare deklaratutako 3 baliabide (Bizkaia zubia, Santimamiñeko kobazuloa eta Ekaingo leizea) eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserba.

 

https://www.thebasqueroute.eus/es/the-e-basque-route

 

https://www.thebasqueroute.eus