Javier Hurtado sailburuak Erriberako merkatua bisitatu du

0

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua Erriberako merkatuan izan da gaur, Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu zinegotziarekin eta Yolanda Díez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziarekin batera. 

Bisitan zehar sailburuak azpimarratu du merkatuek betetzen duten oinarrizko eginkizuna, “produktua kontsumitzaileengana hurbiltzen baitute eta nekazariak herritarrekin harremanetan jartzen baitituzte. Sukaldaritza ezin da produkturik gabe ulertu, eta horien jatorrira eramatea da sustatzeko modurik onena”.

Bertako produktuaren eta gastronomiaren arteko konexio hori nabarmen hautematen da, Erriberako merkatuaren kasuan bezala, Km0 produktu hori sukaldera eraman ahal izateko sukaldaritza-gela eta gastrotabernak jarri dituzten merkatu askotan.

Berez, merkatuak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak sustatutako Euskadi Gastronomika Produktu Klubean sartzen joan dira. Kalitatezko gastronomia sustatzeko zenbait eskakizun irizpide eta konpromiso betetzen dituzten jatetxez, tabernaz, dendez eta establezimendu gastronomikoz osatutako sarea da.

Era berean, Yolanda Díez zinegotziarekin izan duen elkarrizketan kontsumoari buruzko gaiez hitz egin dute, besteak beste, Bilboko KIUBen nahiz Kontsumobideren bidez Euskadin egiten diren erreklamazioen egoeraz. Uztailera bitartean 7.800 erreklamazio baino gehiago izapidetu dira Kontsumobiden, eta horietatik gehienak (2.200) telefoniako eta telekomunikazioetako zerbitzuei buruzkoak dira, eta, esate baterako, 969 bidaiei eta garraioei buruzkoak, 760 etxetresna elektrikoei eta informatikari buruzkoak eta 490 hornikuntza-zerbitzuei buruzkoak.