In memoriam: Mikel Azurmendi

0

1988an ezagutu nuen Mikel Azurmendi unibertsitate honetan bertan, doktoregoa egiten ari nintzela. Oteizaren estetikari buruzko nire tesiaren zuzendari izan nuen azkenean, gai horrek jakin-min handia pizten baitzion, euskal iruditeria mitologikoarekin zerikusia zuen guztiak bezala. Parisen erbesteratua zegoenean harekin harremanetan egon nintzen, gainera; patriarka bisitatzera joan ginen Altzuzako erretiro santutegira nire tesi proiektuaz hitz egitera, baina, normala denez, hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko beren abentura politikoei buruz mintzatuz monopolizatu zuten elkarrizketa, eta ez nuen nik aukera handirik izan koilara dialektikoa sartzeko. Mikelek zenbait gauza kontatu zituen, Burgosko prozesuari buruzko liburuaren hitzaurrea gaitzesteko Jean Paul Sartreri kalean jarraitu zionekoa, adibidez –eta nouvelle gauche divineren guru ukiezinaren aurkako lotsagabekeria handi hura egiteko gai zela bagenekien ezagutu genuenok–, Oteizaren gozamenerako. Garai predigital hartan ez zegoen mugikorrik tamalez, eta ezin izan genuen grabatu bi jakintsu handi haien arteko bilera historikoa, ez eta azaleratu zuen oroitzapen andana ere.

Adiskide bihurtu ginen berehala. Irakasleen lehiaketa guztietara aurkeztera animatu ninduen, eta sail berean lan egin genuen 1992tik. Beste lankide batzuekin (Fernando Savater, Aurelio Arteta, Sara Torres eta Mikel Iriondo) eta ikasleekin lanean emandako urte haiek alma materaren historiako onenak izan ziren, nire iritziz; saila toki abegitsu, bizi eta aktiboa izan zedin ahalegindu ginen. Eta Mikel Azurmendik funtsezko zeregina izan zuen hori lortzeko. Irekia, jakin-nahi handikoa eta probokatzailea, alde guztietako antropologoekin jarri zen harremanetan. Mintegiak antolatzen genituen, kanpoko irakasleak gonbidatzen genituen, eta antropologiako eta filosofiako ikerketa bultzatu genuen hainbat ikerketa proiekturen bitartez. Lantalde informal bat eratzea lortu genuen. 1993an Bitarte aldizkari elebiduna sortu genuen beste lagun batzuekin batera, eta aldizkari horretan argitaratu zuten lehen aldiz UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile askok itzal handiko autoreekin batera. Lehenengo zenbakian, Alasdair MacIntyreren artikulu argitaragabe bati buruzko eztabaidan murgilarazi gintuen Mikelek; abertzaletasuna bertute bat ote den aztertzen zuen artikulu horretan, eta hori izan zen behin eta berriz landu zuen gaietako bat… Egia esan, asko dibertitzen ginen, eta Mikelek inork ez bezala lagundu zuen horretan. Igeldoko etxea eraikitzen ari zen garai hartan, ehunka sagarrondoz inguratua, zeinek, gerora, Migeltxo lehengusuarekin sagardo aparta egiteko aukera eman beharko zioten, haren proiekturik kutunetako bat. Bitartean, etxe hura eztabaidarako agora txiki bat bezala erabiltzen zen, sardina parrillada handiez elikaturik. Suharra eta eskuzabala zen Mikel Azurmendi, eta neurritasuna ez zen bertute bat bere iritziz.

ETAren terrorismoari aurre egin genionean hil zen gure mundu txiki eta iragankor hori. Azurmendik, zeinek gaztaroan hura sortzen lagundu zuen, munstroari aurre egin zion azkenean, bere belaunaldian batere bitxia izan ez zen gorabehera existentzial bat (Patxi Iturrioz, Mario Onaindia edo Jon Juaristirena izan zen). Gure bekatua, edo, nahiago bada, bizio profesionala –horretarako ordaintzen baitzigun gizarteak azken finean–, zera izan zen: indarkeriari ez ezik, haren gezur eta justifikazio ideologikoei ere erasotzea, hau da, atentatuen, bahiketen eta hilketen segida hura, ekarritako sufrimendu eta zitalkeria sozialaren uzta basatia barne, hainbestek txalotzeko oinarriei.

Nahi gabe, hitz egin ezin zuten askoren bozeramaile bihurtu ginen, eta gizarte beldurtu edo gorrotoz gaixo oso baten analista. Ermuko Foroa (1998) –Mikel haren bozeramaileetako bat izan zen– eta, aurrerago, Basta Ya (2000) bezalako ekimenak ez ziren sortuko irakasle batzuen lan ekintzailerik gabe. Bere campusetan atentatuak ez ezik, etengabeko mehatxu eta eraso andana ere bizi zituen unibertsitate batean gertatzen zen hori. Horrek ikasgelatik erbesteratze gutxi gorabehera luzea ekarri zien, segurtasun orokorreko arrazoiak zirela eta, ETAk suntsitzen eta zikintzen zuen balio handiko guztiaren alde gehien nabarmendu zirenei. Mikel Azurmendiren estilo zuzen eta irmoa ez zitzaien gustatzen zerbait akademikoagoa –salaketa interpretagarriagoa eta bihurgunetsuagoa, alegia– nahiago zutenei; baina, indarkeria eta koldarkeria garaietan, pentsalariaren betebehar moral bat da argi hitz egiten saiatzea, eta bete egin zuen hark, eta unibertsitateko ohorea salbatzen lagundu.

Bere etxearen aurka lehergailuz egindako atentatu baten ondoren, erbestearen garratza hautatu zuen berriz Mikel Azurmendik. Cornell Unibertsitatean –bere adiskide David Greenwood antropologoak lagunduta– eta New Yorken egon zen aldi batez, eta Andaluzian eta Marokon ondoren, immigrazioak hegoaldeko landa munduan izandako eraginaz interesatuta. Antropologo kultural gisa definitu zuen bere burua beti, baina ikerketa gaia edozein zuela, bai hainbeste maite zuen euskal nekazaritza mundu zaharraren nortasunak –bihotzez baserritarra izan zen, hiritar kasuala besterik ez–, bai euskal sorginkeriaren historia –kimera teologiko baten jazarpen instituzionala–, bai MacIntyre autore kutunaren etika, galdera bati buruzkoa zen beti ikerketa: Zein da bizitza bertutetsua? Nola lortu?

Ongi ezagutu genuenok badakigu absolutuaren eta argitasunaren bilaketa pertsonalean zetzala bere barne bizitza (gure eztabaidarik sutsuenak erlatibismo postmodernoaz egiten zuen defentsa dogmatikoak eragindakoak izan zirela uste dut, zeina, egia esan, ezin baitzuen onartu, oximoron azurmendiar hutsa). Bilaketa espiritualak gaztaroko nazionalismo iraultzailetik eta marxismotik demokraziaren defentsara eraman zuen, antropologiatik filosofia moralera, konstruktibismo sozialetik etika komunitaristara eta, azken urteetan, erlijio katolikoaren babesleku urrunera. Haren oroitzapena Claudio Rodriguezen bertso batzuekin amaituko dut, Mikel Azurmendiren bizitzari oso ongi egokitzen zaizkio eta. Poetak haren sagasti handia bisitatu zuen, bien lagun min batek eramana; Philip Silver hispanistak, alegia, zeinak duela urte gutxi batzuk ere utzi gintuen. Hauek dira:

Zerutik dator beti argitasuna;

dohain bat da: ez dago gauzen artean,

oso gainetik baizik; bete egiten ditu,

eta bere bizitza eta zeregin bihurtu.

 

Carlos Martínez Gorriarán