Bizkaiak 1,57 milioi euro inbertitu ditu Elkartegiak enpresa-zentroen instalazioak berritzeko

0

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak 2020-2022 inbertsio-plana hedatzen jarraitzen du, Azpiegiturak foru sozietateak kudeatzen duen Elkartegiak Enpresa Zentroen sarearen barruan hainbat instalazio berritze aldera. Planak 1,57 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du obrak egiteko, altzariak berritzeko, hainbat elementu modernizatzeko eta ikus-entzunezko ekipoak erosteko. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak zehaztu duenez, sarea 20 zentrotara zabaldu da 1985ean lehenengo elkartegiak eraiki zirenetik, eta, hainbestez, beharrezko inbertsioak egin behar dira horiek guztiak eguneratzeko eta azpiegiturak modernizatzeko.

Orain arte, Barakaldo, Boroa eta Santurtziko zentroetan jardun izan da. 2021. urtean, jarduketak Barakaldo, Boroa, Teknologia Parkea, Durango, Gernika eta Getxoko zentroetan egiten ari dira. Eta 2022. urteari begira, Sondika Elkartegiko 1. eraikinean obrak hastea aurreikusi da.

Elkartegiak sareak azpiegitura-eskaintza zabala eta askotarikoa eskaintzen du, ez bakarrik zerbitzu-enpresentzat, baita industria-enpresentzat ere. Horrezaz gainera, eduki berritzaile handia dutenak lehenesten dira, bai teknologiari dagokionez, bai kudeaketa-sistemei dagokienez. Lehen zentroak 1985ekoak dira: Mungia Belako 1, Larrabetzu eta Alonsotegi. Ordutik hona, sarea handitu egin da, eta 20 zentro izatera iritsi da Bizkaiko 18 udalerritan. Gaur egun, 1.491 pertsonari lana ematen dieten 166 enpresa hartzen dituzte, eta azalera osoaren % 71 hartzen dute, azaldu du Imanol Pradalesek.

Frogaturik geratu denez, Elkartegiak sarea tresna baliotsua da enpresa-jarduera sustatzeko eta, horrekin batera, Bizkaian enplegua eta aberastasuna sortzeko. Imanol Pradalesen hitzetan: Abian jarri zenetik, sarean 727 enpresa sartu dira, eta enpresotan 3.555 behargin ari dira lanean. Hainbat sektoretako enpresak dira, eta honako arlo hauek nabarmentzen dira: jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak, informazioaren eta telekomunikazioen esparrua, merkataritza-jarduerak eta manufaktura-industria. Inbertsio publikoa aktibatzea, jarduera ekonomikorako enpresa-azpiegitura berriak sortuz eta hobetuz, Bizkaian enplegua eta jarduera ekonomiko berriak sortzeko baldintza egokiak sortzea da, esan du Pradales diputatuak.

Pradalesek azaldu duenez, Azpiegiturak foru sozietateak ere kontuan hartu zuen koronabirusaren krisiak eragin duen ezohiko egoera, eta alokairuaren prezioaren kobrantza atzeratzeko neurria proposatu zuen, 2020ko apiriletik ekainera, eta beste 3 hilabetez luzatu ahal izango da, ahal den neurrian etxeko konfinamenduak sortutako egoera arintze aldera. 71 pertsona fisiko eta juridiko atxiki zitzaizkion neurri horri, eta guztirako zenbateko geroratua 207.882 eurokoa izan zen (BEZ barik).

Industria-lurzorua

Beste alde batetik, Azpiegiturak enpresak industria-lurzorua ere sustatu du lurraldean zehar, eta, besteak beste, honako industrialde hauek urbanizatu ditu:

  •  Amorebieta-Etxano: Zubieta industrialdea
  •  Amorebieta-Etxano: Boroa industrialdea
  •  Balmaseda: Arla industrialdea
  •  Ispaster: Basokoetxe industrialdea
  •  Turtzioz: Muñanes industrialdea
  •  Urduña: La Rondina industrialdea

Gaur egun, 94 enpresa daude instalatuta, eta enpresok 2.590 pertsonari ematen diete lana. Guztira 46 lurzati libre daude, horietatik 30 Urduñan, 13 Ispasterren eta 3 Turtziozen.