Josu Erkoreka: “Ez da Egokia”

0

Ez da egokia. Ez da festarako edo ospakizun kolektiboetarako garaia. Ondo asko dakigu egun seinalatuak direla, ondo asko dakigu zer-nolako ahalegina egiten ari garen eta eskatzen ari garen, baina oso garrantzitsua da berriz ere erantzukizun indibidualerako eta kolektiborako deia argi eta garbi egitea.

Herritarren laguntza, gure ekintzetan zuhurrak izatea eta azken ahalegina egitea eskatzen dugu. Txertaketa-prozesua erritmo onean doa, baina oraindik ere geure buruak zaindu egin behar ditugu.Koronabirusak gure artean jarraitzen du, heriotza eta sufrimendua eragiten jarraitzen du: ezin diogu erne egoteari utzi.

Pandemiaren aurka borroka egiteko eta birusa hedatzea eragozteko modu bakarra indarrean dagoen osasun-araudia zorrotz betetzea da.Jabetzen gara horrek ahalegin handia egitea eskatzen duela, jabetzen gara horrek gure bizitzak goitik behera aldatzen dituela, batez ere udan, ospakizunetarako eta jendea elkartzeko aproposa den garai honetan, baina garrantzizkoa da higiene pertsonalari eta distantziari buruzko jarraibideak eta osasun-araudiko gainerako eskakizunak betetzen jarraitzea.

Gutxi batzuek baino ez dituzte besteontzat kaltegarriak diren gizalegearen aurkako portaerak. Gaitzetsi egiten ditut portaera horiek, eta zoriondu egiten ditut Ertzaintza eta udaltzaingoak ezohikoak eta zailak diren une hauetan segurtasun publikoaren erronkari ematen ari diren erantzun eredugarriagatik. Egunez egun zorrotz, profesionaltasunez jarduten ari zarete, eta sortu zaigun egoeraren araberako erantzun eraginkorra ematen. Agerian jarri nahi dut, eta eskerrak eman nahi dizkizuet segurtasun eta osasun kolektiboa zaintzeagatik. Eskerrik asko!