BILBOKO UDALAK ZABALARA ERAMANGO DITU IRAILEAN “BILBAO IZAN” PROIEKTUAREN BISITA GIDATUAK

0

Bilboko Udalak “Bilbao Izan” proiektuko bisita gidatuen programak eramango ditu Zabala auzora. Ondarea zabaltzeko proiektu honek Bilboko auzoak modu atsegin, interesgarri eta bitxian ezagutzeko aukera ematen du, “Ezagutu oinez” eta “Ezagutu familian” programen bidez.

EZAGUTU OINEZ

Zabala sakon ezagutu nahi duenak aukera izango du irailean auzo enblematiko honen bitxikeriak modu desberdinean ezagutzeko, oinez eta taldean, “Ezagutu oinez” programaren bidez.

Miravillako ordokiaren magalean dagoen Mena auzo zaharra gune lasaia izan zen, landatarra, zuhaiztiz betea, erromesen antzinako errepide batek zeharkatua eta baserri batzuek osatua. Baina hori guztia aldatu egin zen XIX. mendearen amaieran, auzoa burdinak Bilbora ekarri zuen eraldaketa handiaren lekuko izan zelako: Miravillako muinoak meatzaritzan zuen aberastasunak eta, batez ere, Bilbo-Tutera trenbidearen etorrerak, Zabalak industrializazioaren erritmo geldiezinean eboluzionatzea eragin zuten.

Ibilbidean, gaur egun etengabe garatzen ari den baina oraindik bere iraganaren aztarnak kontserbatzen dituen auzoa ikusiko dugu. Pertsona batzuek antzinako lokalak gogoratu eta haiei buruz egiten dute berba, Amparo izenekoari, asilo zaharrari edo trenbideko langileen etxeei buruz, adibidez. Beste batzuek, ordea, auzo multikultural, dinamiko eta moderno baten etorkizunari begiratzen diote.

Iraileko bisitek ordu eta erdiko iraupena izango dute eta astelehenetik ostiralera 11:00etan eta 18:30ean izango dira, eta larunbatetan 10:30ean eta 12:30ean.

Ostegun arratsaldetan bisitak euskaraz izango dira. Halaber, euskaraz egin nahi duten taldeak izanez gero, taldearekin adostuko da zein egun eta ordutan. Eskaera egiteko, mezu elektroniko bat bidali behar da cultura@bilbao.eus helbidera.

EZAGUTU FAMILIAN

Zabalan ere «Ezagutu familian» programa izango da, lau urtetik gorako haurrak dituzten familientzat diseinatua. Bisita horietan, jolas eta ipuinen bidez, familiek auzoa beste modu batera eta begirada bitxi eta sortzaile baten bidez ezagutuko dute, esplorazio-kit bati esker.

Zentzumenak irekita eta arretaz begiratuz, helduek eta txikiek auzoa ikuspegi berrietatik ezagutuko dute. Bisita horiek, ordu eta erdikoak ere, irailaren 12an eta 19an (igandea) izango dira, 10:30ean eta 12:30ean, eta bi hizkuntzetan egingo dira, euskaraz eta gaztelaniaz.

IZENA EMATEA, ELKARGUNEA ETA NOLA IRITSI

Bisita hauetaz gozatu nahi duten guztiek abuztuaren 25etik aurrera eman dezakete izena bilbaokultura.eus webgunearen bidezEzinbestekoa da erregistratzea bisitak egin ahal izateko.

“Ezagutu Zabala oinez” programako bisitetarako elkargunea Bruno Mauricio Zabala kalea, 1 (Bilbobus: 30, 58; Aldiriko trena: C1, C2) izango da. “Ezagutu Zabala familian” bisitetan parte hartzen duenak gidariekin topo egingo du Tenor Constantino kaleko 11n (Bilbobus: 30, 57; Aldiriko Trena: C1, C2).

Ibilbideak aire librekoak direnez, baliteke, euria egiten badu, jarduera zertxobait aldatuta egotea. Babes- eta higiene-neurriak bermatuta egongo dira, eta ezinbestekoa izango da maskara uneoro erabiltzea.

TXIO TA TXIO

«Txio Ta Txio» ikus-entzunezko ekimena Bilbao Izan programaren parte ere da. Udaleko sare sozialen bidez, «Txio Ta Txio» programak Bilboko hainbat auzotako bitxikeriak, pertsonaia garrantzitsuak eta pasadizoak erakutsiko ditu.

Ekimen horri esker, udaletako gizarte-sareetako profilek iraupen laburreko bideoak partekatu eta estreinatuko dituzte. Bideo horietan, bitxikeriak, pertsonaia garrantzitsuak eta pasadizoak ikusiko dira, oraingoan Zabala auzo protagonista dela.

Bideoak Bilbao Izan eta Bilbao Kultura Facebook profiletan, eta Bilbao Kulturaren Youtuben eta Instagramen, eta Bilboko Udaleko sare sozialetan ere partekatuko dira eta hurrengu izenburak izango dituzte: “La baldosa de Bilbao” (Irailaren 2an); “Barrio de los ferroviarios” (Irailaren 7an), “Bilbotarrak” (Irailaren 9an) “Lucarini” (Irailaren 14an); “Restaurante El Amparo” (Irailare 16an); “Al Pagasarri por Zabala” (Irailaren 21ean de); “Ángela Figuera” (Irailaren 23an); “Estatua Fleming” (Irailaren 28an). Azken bideoa hilaren 30ean partekatuko da.

BILBAO IZAN

Hiru ekimen hauek BILBAO IZAN proiektuaren barruan kokatzen dira. BILBAO IZAN markaren atzean, Udalak Kultura uriaren funtsa zabaltzeko bultzatzen dituen programa guztiak: historia, ondarea, pertsona garrantzitsuek utzitako aztarna, hirigintza, auzoen historiak, kaleen eta bazter bitxienak.

Bilbao Izan batez ere herriko biztanleentzat da, baina zabalik dago, halaber, hiria bisitatzen duten pertsonentzat eta hainbat arrazoirengatik hiriaren ezagutzan sakondu nahi duten guztientzat.

BILBAO BALIOEN HIRIA

Bilbao Izan erabat konprometituta dago Bilbao Balioen Hiria proiektuarekin, Bizkaiko hiriburuan balio partekatuen esparru bat sustatu nahi baitu; besteak beste, konpromisoa, ahalegina, ilusioa, parte-hartzea, sormena eta, bereziki, nortasuna.