Javier Hurtado sailburua Lea Artibai eskualdeko udalerriekin eta turismoaren eta merkataritzaren sektoreko ordezkariekin elkartu da

0

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua Lekeition izan da Lea Artibai eskualdeko alkateekin eta turismoaren eta merkataritzaren sektoreko ordezkariekin elkartzeko. Bilera horien helburua izan da egungo egoera, turismo-jasangarrirako planak eta udalerrietako proiektuak baloratzea.

Sailburua Lekeitioko, Munitibarko, Gizaburuagako, Ispasterreko, Mendexako, Aulestiko eta Amorotoko alkateekin elkartu da, eta Ardoaren eta arrainaren ibilbideak (GR38) zeharkatzen dituen herri horietako planak aztertu dituzte bileran.

Arrantza-portu nagusiak eta Arabako Errioxa lotzen dituen ibilbide hori mandazainek eta merkatariek egiten zuten arraina, ardoa eta beste hainbat produktu salerosteko. Gaur egun turismorako eta mendi-ibiliak egiteko bidea da, hainbat zatitan banatuta dago, eta horietako batzuk hobekuntza- eta sustapen- proiektu batean sartuta daude.

Turismoaren eta merkataritzaren sektorearekin egin duen bileran egungo egoera, Sailak ezarri dituen eta abian jarriko dituen laguntzak eta jarduera suspertzeko proiektuak aztertu ditu sailburuak sektorearen ordezkariekin batera. Orain arte Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 100 milioitik gorako erresistentzia-plan bat garatu du, eta laguntza zuzenak eman dizkie ostalaritzari, turismoari eta merkataritzari, eta irailean laguntza horiei gaueko aisialdirako laguntzak batuko zaizkie, guztira 12 milioi.

Era berean, hainbat deialdiren bidez udalei eta herriei enograstronomiarekin, natura-turismoarekin, kostaldeko turismoarekin eta digitalizazio eta sustapen ekintzekin lotutako turismoko lurralde-proiektuekin lagundu zaie.

Bilerak amaitu ostean, sailburuak Lekeitioko turismo-baliabide batzuk bisitatu ditu, besteak beste, Mendieta ontziola, industria-turismoko monumentu-multzoa eta Marierrota, Biodibertsitatearen interpretazio-zentroa hartzen duen marea-errota.