Artolazabalek azpimarratu egin du gazteek pandemiaren garaian erakutsitako jarrera arduratsua

0

Iñigo Urkullu lehendakariak deituta, lan-bilera bat egin da gaur goizean Lehendakaritzan, eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, sail horretako Gazteriako zuzendari Agurtzane Llanok eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) presidente Maialen Olabek hartu dute parte.

Artolazabalek “mezu positibo” bat zabaldu du hasieran, eta aitortu egin du “euskal gazteek gure gizarteari egin dioten ekarpena eta haien inplikazioaren islak, hala nola hezkuntza-aisiako boluntariotza edo Auzolandegietan egindako lana”.

Sailburuak txertoa jartzeko deia egin dio gazteen kolektiboari, «hurbil baitago ikasturtearen hasiera edo lan-jarduerara itzultzeko garaia”.

 “Frogatu denez, txertoa oso tresna eraginkorra da. Balia dezagun normaltasunera itzultzeko”, adierazi du.

Artolazabalek azpimarratu egin ditu “gazte gehienek aitona-amonen belaunaldiarekin egindako ahaleginak eta agertutako elkartasuna», eta erantzukizun partekatua eskatu du.

Sailburuak, halaber, “joan den asteburuan Donostian egindako ekintza bandalikoak eta beste udalerri batzuetan Ertzaintzarekin eta udaltzaingoekin izandako istiluak” gaitzetsi ditu. “Ekintza bandaliko horiek ez dituzte gazteek egin, bandalo batzuek baizik”, azpimarratu du.

Lehendakariarekin egindako bileran, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak pandemiak euskal gazteengan duen eraginaren inguruan garatu dituen ekimenak baloratu dira. Sailburuak adierazi duenez, aurtengo udan 2020an zuhurtziagatik bertan behera geratu ziren jarduera batzuk egin ahal izan dira, betiere prebentzio-neurriak betez.

 “Auzolandegiak 2021 kanpaina amaitu berri da, eta ez da positiborik agertu. Hezkuntza-arloko astialdiko jardueretarako protokoloek ere oso emaitza ona eman dute”, adierazi du sailburuak.

Udaleku publikoetan, milaka pertsonak eta 5.000 monitorek baino gehiagok parte hartu badute ere, ez da gorabehera azpimarragarririk gertatu. Gauza bera esan daiteke gizarte-ekimeneko jardueren inguruan.

Gazteriari eta pandemiari buruzko azterlanak

Artolazabalek lehendakariari azaldu dionez, pandemiak gazteengan duen eragina ezagutzeko eta aztertzeko hainbat tresna jarri ditu abian Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak hilabete hauetan.

Adibidez, Gazteen Euskal Behatokiak ia 13.000 egileren 26.600 aipamen baino gehiago aztertu zituen 2020ko martxoaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitarte blogetan, online komunikabideetan eta twitter-en, Euskal gazteria pandemiaren garaian, online monitorizazioa txostena egiteko. Gazteen Behatokiak, halaber, Gazteak eta pandemia. Adituen ikuspegiak argitalpena landu du, eta lehen alea gaur bertan eman zaio lehendakariari.

Behatokiaren diziplina anitzeko azterketetan islatzen denez, gazte gehienak bat datoz pandemia geldiarazten saiatzeko neurriekin, eta konpromiso argia erakutsi dute gaixotasunaren aurkako borrokan eta adinekoak kutsatzeko arriskutik babesteko ahaleginean.

Halaber, Artolazabalek “datozen hilabeteetan garatuko ditugun programak” aurreratu dizkio lehendakariari. Lehenik eta behin, dagoeneko Legebiltzarrean dagoen Gazteriaren Legearen Proiektua. Legearen Proiektu horren ardatzak gazteria-sistema bultzatzea, gazteen parte-hartzea eta emantzipazioa eta gazteen eskubideen aitorpena eta erabilera dira.

Ildo horretan, Gazteak Emantzipatzeko Euskal Estrategiak zerbitzu espezializatu eta pertsonalizatu presentzialen zein online ematen direnen bidez emantzipazio-ibilbideetan laguntzeko aukera hartzen du kontuan.

Sailburuak adierazi duenez, euskal gazteria “solidarioa eta arduratsua da, oso kasu gutxietan izan ezik”, eta “Jaurlaritzaren eginbeharra da gazteei beren bizi-proiektuak garatzeko aukera gehiago ematea”.

Lan-bilera amaitutzat eman aurretik, Artolazabalek berriz ere azpimarratu du oso garrantzitsua dela gizartearentzat eta pertsona kalteberentzat “gazte guztiek txertoa jasotzea edo jarraibideak betetzea ikasgelara itzuli aurretik”.

Bestalde, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidente Maialen Olabek adierazi duenez, “ez da zuzena euskal gazte guztiak kriminalizatzea inoren ordezkari ez diren gutxiengo batzuen ekintzengatik”, eta azpimarratu du oso garrantzitsuak direla “gazteei emantzipatzeko bideak eta gizarte-eskubideak baliatzeko aukerak ematera bideratutako ekimenak”.

Gazteen Euskal Behatokiaren webguneko atalerako esteka. Bertan, «Gazteak eta Pandemia. Adituen begiradak «.

https://www.gazteaukera.euskadi.eus/gazteen-euskal-behatokia/-/albistea/2021/gazteak-eta-pandemia-adituen-begiradak-ikerketaren-aurrerapena/