Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek parte hartzen duten Be Fire Safe at School proiektu europarra azken fasean sartu da

0

Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak bazkide aktibo gisa parte hartzen duen ‘Be Fire Safe at School’ proiektu europarra azken fasean dago. Suteen aurkako babesari buruzko hezkuntzarako Europako Batzordearen Erasmus+ programaren proiektua da, Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat eta irakasleentzat.

Bizkaiarekin batera, Leitrimgo (Irlanda) suhiltzaileen zerbitzuak zuzentzen duen proiektu horretan, Finlandia, Alemania, Belgika, Danimarka eta Lituaniako erakundeek parte hartzen dute. Alde pedagogikoan, Dublingo Universidad Trinity College unibertsitatearen aholkularitza dute.

Be Fire safe at School’ proiektuaren helburua prestakuntza pack bat egitea izan da, hezkuntza sistemen esku jartzeko. Pack-aren barruan aurkezpenak, bideoak eta material didaktikoak daude, eta bertan jasotzen dira, sute baten erdian izan daitezkeen pertsonek nola erreakzionatu jakin ahal izateko oinarrizko kontzeptuak eta aholkuak.

Parte hartu duen erakunde bakoitzak hainbat ikastetxe izan ditu elkartuta, proiektuaren emaitza izan diren material pedagogikoak eta dokumentazio praktikoa testatzeko, prestatutako edukiak hobetzen lagundu duen feedback-a aurkezte aldera. Bizkaian, bost ikastetxek lagundu dute.

Doako baliabide didaktikoa eta online eskuragarri

Proiektuko bazkideek prestatutako baliabidea hainbat hizkuntzatan eskuratu daiteke (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta alemanez, besteak beste; hamar hizkuntzetan, guztira), eta material hauek osatzen dute:

  •  Suteen aurkako babesari buruzko hezkuntza materiala, alde batetik, Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat (13 eta 18 urtea artekoak), eta bestetik, irakasleentzat.
  •  Adin horretako biztanle guztientzako ikastaroa, online..
  •  FireSmartAR app-a (dagoeneko deskargatu daiteke), eta errealitate birtualari buruzko aplikazio bat (irailean eskuragarri).
  •  Ikastetxeetarako ebakuazio bideo bat.
  •  Hainbat material inprimatu eta beste formatu batzuetan, ahalik eta zabalkunde handiena lortzeko.

Online ikastaroa bederatzi unitatek osatzen dute, eta askotariko material osagarria erabiltzen da (bideoak, ariketak, jokoak, laburpenak, testak…). Ikasgelan erabiltzeko pentsatuta dago, webgunearen bidez zuzenean edo aurrez deskargatutako aurkezpen eta bideoen bidez. Unitate didaktikoek suteen aurkako oinarrizko segurtasun kontzeptuak lantzen dituzte hainbat eremutan, hala nola etxean, ikasgeletan edo ingurunean. Horren guztiaren helburua da istripuak prebenitzeko gaitasuna hobetzea eta, halakorik gertatuz gero, erantzuna hobetzea.

Ez da beharrezkoa unitate guztiak egitea eta ezarritako ordenan egitea; aitzitik, dagoen denborari eta lortu nahi den helburuari egokitu daiteke. Ingelesez, frantsesez edo alemanez dagoenez, atzerriko hizkuntzaren eskoletan zeharka erabil daiteke.

Material didaktikoa dagoeneko doan eskuratu daiteke webgune honetan: www.bfiresafeatschool.eu. Edozein bilatzailetan BfireSafe@School tekleatuz ere, erraz eskuratu daiteke. Erregistratu baino ez da egin behar edukiak eskuratzeko eta deskargatzeko.

Halaber, 2021eko irailaren 15ean 22an, bi prestakuntza saio egingo dira online parte hartu nahi duten Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztietako irakasleentzat. 15:00ak eta 17:00ak artean egingo diren bi saio horietarako deitu dira proiektuko lau bazkide: Irlanda, Alemania, Belgika eta Bizkaia. Saioetan zati komunak landuko dira ingelesez eta, beste batzuk, barneko lanari dagozkionak, gaztelaniaz.

Proiektu honetan interesa duten pertsonak posta elektronikoz harremanetan jar daitezke Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuarekin (prevención.incendios@bizkaia.eus).

Suteei aurre egiteko hezkuntza, konpondu gabeko arazoa

Suteen prebentzioan eta haiei aurre egiteko jokabidean herritarrek duten hezkuntza konpondu gabeko arazoa da Be Fire Safe at School´ proiektu europarrean inplikatutako bazkideen iritziz.

Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak 3.012 esku-hartze egin zituen 2020an, eta haietatik 1.362 irteera suteengatik egin ziren (% 23). Gehienak hiriko sute txikiak eta etxebizitzetakoak izan ziren, eta suteen % 53 09:00etatik 20:00etara piztutakoak. Kea da etxebizitzetan sortutako suteen ondoriozko heriotzen arrazoi nagusia.

Suhiltzaileen zerbitzuetako profesionalek egunero ikusten dute sute ohikoenak -heriotza gehien eragiten dituztenak- saihestu egin zitezkeela eta biktimak salbatu egin zitezkeela inplikatutako herritarrek haurtzaroan eta gaztaroan funtsezko kontzeptu batzuk barneratu izan balituzte.

Ildo horretan, Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako ekimenik ez dagoela ikusi dute Europa mailan; hain zuzen ere, adin horretan gaitasun handiagoa dute beren bizitzan zehar segurtasunean eragina izan dezaketen ezagutzak eta jarraibideak ulertzeko eta barneratzeko. Arrazoi hori dela eta, Leitrimgo (Irlanda) Suhiltzaileen Zerbitzuak BFireSafe@School proiektua aurkeztu zuen 2018an, eta proiektu horretan sartu dira Europako zazpi herrialdetako bederatzi erakunde, haien artean, Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzua. Proiektua urrian amaituko da, Bruselan egingo den aurkezpen ofizialarekin.