Eusko Jaurlaritzak, Foru-Aldundiekin adostuta, indartu egin ditu Covid-19ari aurre egiteko segurtasun-protokoloak egoitzetan

0

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguneratu eta indartu egin du zentro soziosanitarioetan COVID-19aren zaintzarako eta kontrolerako protokoloa, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiekin eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin adostuta.

Protokoloan ezarri denez, hemendik aurrera zaintza berezia egingo da intzidentzia-tasa metatuta 100.000 biztanleko 300 kasukoa edo hortik gorakoa bada Euskadiko Lurralde Historiko bakoitzean. Kasu horretan, egoiliarren zuzeneko arretako langileei baheketa sistematikoko PCR bat egingo zaie; eta astean behin egingo zaie txertoa hartu gabe dauden langileei eta hamabostean behin txertoa hartuta dutenei.

Horrez gainera, egoiliarren irteeretarako esparrua berritu egin da gaua zentrotik kanpora igarotzen den kasuetan. Protokoloaren ezarpen berriaren arabera, zentrora sartzean proba diagnostikoak pertsona guztiei egingo zaizkie, txertoa hartuta egon edo ez egon. Orain arte, txertoa hartu gabe zutenei bakarrik egiten zitzaizkien.

Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek lehentasuna eman diete, eta ematen diete, zentro soziosanitarioetako zaintza- eta prebentzio-mekanismoei, eta, alde horretatik, gogorarazi dute txertaketa-prozesuak aurrera egin ahala kasu positiboak nabarmen gutxitu diren arren, txertaketak ez duela erabat ezeztatzen kutsatzeko arriskua, eta, ondorioz, beharrezkoa dela zentro soziosanitarioetan arreta-neurriak hartzen jarraitzea.

Zentro soziosanitarioetako zaintza epidemiologikorako protokolo eguneratua abuztuaren 24an, argitaratzen denean, jarriko da indarrean.