BILBOKO UDALAK JUAN XXIII PLAZA BERRIZTATU DU, BEGOÑAKO BASILIKAREN ATZEALDEAN, ETA ZABALBIDEKO OINEZKO KONEXIOA HOBETU DU

0

Bilboko Udalak Juan XXIII Plaza berriztatu eta hobetzeko obrak amaitu ditu, Begoñako Basilikaren atzealdean, zazpi hilabeteko lanen ondoren.

Interbentzio honetan, plaza egokitu da. Haren forma eta diseinua mantendu dira, eta zorua, argiak eta lorategiak berritu dira, baita hiri-altzariak ere (eskudelak, paperontziak, bankuak bernizatu eta margotu dira, eta abar). Modu berean, eskailerak eta hormak garbitu eta konpondu dira.

Jarduketarik garrantzitsuenen artean, plazan sartzeko arrapala baten eraikuntza dago, plazaren goiko plataformaren eta Zabalbide kaleko oinezkoen sarbidearen artean. Horrela, arkitekturako oztopo bat kendu da eta Basilikatik oinezkoentzako konexioa osatu da.

Juan XXIII plaza zuhaitzez inguratuta dago, eta zenbait ezponda dauzka, zuhaitzekin eta parterreekin. Egokitze obrak egitean, aglomeratua fresatu da eta narriatutako zonak saneatu dira. Gero, plazaren eta inguruaren zorua berriz jarri da, aglomeratu gorriarekin.

Gainera, irisgarriak ez ziren eskudelak kendu dira, eta haien ordez burdinurtuzko eskudel berriagoak jarri dira; horiek koherentzia eta batasun estetikoa ematen dizkiote zonari. Orobat, lorategiak berritu dira, eta lore sortak eta zuhaixkak landatu dira.

Plazako eta Begoñako Basilikaren inguruetako argiak berriztatu dira, LED sistemako farola handiekin ordezkatuz. Horrela, energia-aurrezpeneko baldintzak betetzen dira. Argiztapena areagotu da, 16 argi-puntu berri ipiniz.

Azkenik, obrak egitean harresi batean ikusi ziren pitzadurak konpondu dira: metalezko sare bat ipini da, eta inguruan dagoen kareharriaren antzeko kareharriz estali.

Lan horietan 628.200,4 euroko inbertsioa egin du Udalak: 461.717,9 € plaza berritzeko eta 166.482,5 € harresia konpontzeko.

AUZOKIDE PLANA

Lan hauek auzoak hobetzeko Auzokide Planaren barruan daude, Bilboko Udalak herritarren parte hartzerako daukan tresnarik garrantzitsuenetako bat.

Auzokide Planaren aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean, hau da, 1,5 milioi euro barrutiko eta urteko.