Barakaldok Afganistango herritarrei laguntzeko prest dagoela adierazi du

0

Gaur goizean, Barakaldoko Udalak onartu duen adierazpen instituzionalaren bidez, Eusko Jaurlaritzari eta Gobernu zentralari lankidetza zintzoena helarazi die eta gure lurraldera etor daitezkeen Afganistango herritarren beharrei erantzuteko baliagarri izan daitezkeen gizarte- eta hezkuntza-baliabideak ez ezik, bestelako baliabideak ere guztien eskura jarri ditu. EAJ-PNVk eta PSEk ElkarrekinBarakaldoren laguntzarekin aurkeztutako testuak EH-Bilduren eta PPren aldeko botoa izan du.

Afganistanek bizi duen egoera larriak administrazio guztien premiaz esku-hartzea behar du, herritar zibilen eskubideak eta babesa bermatzeko, eta, bereziki, larriki mehatxatuta dauden taldeena, hala nola emakumeena eta haurrena, besteak beste.

«Giza eskubideen aurka egindako eraso guztiak gaitzesten ditugu, eta Afganistango agintari berriei nazioarteko lege humanitarioak ahalik eta gehien errespetatzea eta babestea eskatzen diegu, bai eta herritar guztiek eskubideak eta askatasunak betetzea ere», dio testuak. Horregatik guztiagatik, Barakaldoko Udalak nazioarteko komunitate osoari dei egiten dio irmotasunez eta batasunez joka dezan mehatxu terrorista globalari aurre egiteko orduan, herrialde hori erakunde terroristen babesleku bihur ez dadin edo nazioarteko terrorismoaren plataforma gisa erabil ez dadin, eta oinarrizko giza eskubide guztiak errespeta daitezen.

Azkenik, Udalak dei egiten die Nazio Batuei, baina baita gainerako herrialdeei ere, eta bereziki Europar Batasunari, giza balio unibertsalak defenda ditzaten eta inguruabarren mailan egon daitezen, biztanleria zibilari asistentzia eta laguntza humanitarioa emanez, tokian bertan eragile humanitarioak daudela eta parte hartzen dutela ziurtatuz, eta beren herrialdetik etorkizun berri baten bila askatasunez irten nahi duten Afganistango errefuxiatu guztiei nazioarteko harrera erraztuz.

Hauek dira adierazpen instituzionalean onartutako puntuak:

– Eusko Jaurlaritzari eta Estatuko Gobernuari lankidetza zintzoena helarazi die Barakaldok eta gure lurraldera etor daitezkeen Afganistango herritarren beharrei erantzuteko baliagarri izan daitezkeen gizarte- eta hezkuntza-baliabideak ez ezik, bestelako baliabideak ere guztien eskura jarri ditu.

– Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu tokiak eskain diezazkiola Gobernu Zentralari, nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonentzat Eusko Jaurlaritzak dituen baliabide propioetan.

– 2018az geroztik Eusko Jaurlaritzak bultzatutako SHARE proposamena Europako agendan jartzeko eskatzen dugu. Proposamen horren helburua da bizitzen ari garen migrazio-erronkaren aurrean erantzunkidetasun-printzipioa aplikatzea eta islatzea. Erantzunkidetasun-printzipioa aplikatzeak erantzuna partekatzea esan nahi du, gizarte inklusiboak eraikitzera bideratutako konpromiso arduratsu baten bidez.

– Nazioarteko babesa behar duten pertsonak sartzeko legezko bideak areagotzeko eta dibertsifikatzeko premiaren aurrean, Gobernu Zentralari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu Euskadin aitzindaria den Babesletza Komunitarioa bezalako programak sustatzen jarrai dezatela. Babesletza Komunitarioko programak errefuxiatuen harreran eta integrazioan zuzenean parte hartzeko aukera ematen die herritarrei.

– Gobernu Zentralari eskatzen diogu Euskadin bizi diren 45 afganiarrekiko elkarrizketa indartzea, haien senideen datuak errazago jasotzeko eta familia-berrelkartzeak bultzatzeko.