Doako klinikek funtsezko osasun-arreta ematen diete erroldaturik ez dauden immigranteei

0

Agiririk gabeko etorkinek eta emakumezko etorkinek EAEko osasun-zerbitzuez baliatzeko egiturazko oztopoak eta beren gizarte-zaurgarritasunean oinarritutako oztopo indibidualak dituztela ikusi dute UPV/EHUko Erizaintza I Saileko ikerketa batean. Etorkin horiek zailtasun gehiago dituzte osasun-zerbitzu publikoetarako sarbide-baldintzak betetzeko, eta osasun okerragoa izateko arrisku handiagoa dute. Ikerketaren arabera, etorkinen osasun-sarbiderako legezko eskubidea bermatzeaz gainera, osasun-sistema inklusiboagoak lortzeko beharrezkoa da osasun-langileen artean eskubideetan oinarritutako arreta sustatzea.

Etorkinek askotariko oztopoak aurkitzen dituzte harrera-herrialdeetako osasun-zerbitzuak erabiltzeko. Besteak beste, egoera administratibo irregularrean dauden etorkinek legez osasun-zerbitzu publikoetarako sarbide-baldintza murriztuagoak dituzte. Halaber, emakumezkoek joera handiagoa daukate osasun-zerbitzuak erabiltzeko, eta sarbidea zailtzen dieten genero-faktoreak jasaten dituzte.

Iratxe Pérez Urdiales Erizaintza I saileko UPV/EHUko irakasleak ikerketa batean aztertu du egoera administratibo irregularrean dauden etorkinek eta emakumezko immigranteek zer oztopo aurkitzen dituzten EAEko osasun-zerbitzu publikoetarako sarbidean. Ikertzaileak argitu duenez, “egoera administratibo irregularrean dauden etorkinek eta emakume etorkinek osasun-zerbitzu publikoak erabiltzeko zailtasunak dituzte hainbat arrazoirengatik: besteak beste, etorkinen beren ezaugarriak berak (jatorria, hizkuntza, kultura…), osasun-sistemaren funtzionamendua (burokrazia), lege-baldintzak (egoera administratibo irregularra edo erregularra izatea) edo bai gizarteak bai osasun-zentroetako profesionalek immigranteekiko duten ikuspegi estereotipatu eta pobrea (garrantzitsua da osasun-zentroan artatzen dituztenen portaera)”.

Ondorio horietara heltzeko, Munduko Medikuak GKEaren doako klinikako hainbat urtetako datuak aztertu ditu —osasun-sistema publikotik kanpo geratzen diren etorkinak artatzen dituzte halako kliniketan—, eta, bestalde, etorkinen eta doako klinika horietan jarduten duten osasungintzako profesionalen esperientziak eta pertzepzioak neurtu ditu.

2012an indarrean sartu ziren bi lege-dekreturen ondorioz, egoera administratibo irregularrean zeuden migratzaileek ordura arte asistentzia sanitario normalizatua eskuratzeko zuten eskubideari baldintza zorrotzagoak ezarri zitzaizkion. Hala, doako klinikak urte horren aurretik eta ondoren zituen datuak aztertu ditu Pérez Urdialesek, eta “ez dugu lotura argirik ikusi osasun-zerbitzu publikoak erabiltzeko legezko baldintza murriztaileagoak aplikatzearen eta immigranteek doako klinikak erabiltzeko joeraren artean”, dio ikertzaileak.

Osasun-arreta guztiontzat

Ikerketan ikusi dute egoera administratibo erregularrean dauden immigranteen kasuan oztopo bertsuak aurkitzen dituztela gizonezkoek zein emakumezkoek, genero-indarkeriaren bat jasaten duten emakumezkoen kasuan izan ezik: “Ikusi dugu emakumeak direla osasun-sistemara gehien jotzen dutenak. Baina genero-indarkeria jasaten duten emakumeei, haien egoera administratiboa edozein delarik ere, asko zailtzen zaie osasun-zerbitzuetarako sarbidea edo osasun-zentroetara joatea ekiditen dute”. Gainera, egoera administratibo irregularrean dauden etorkinak “beldur izaten dira osasun-zentro publikoetara joateko, eta, hala, doako kliniketara joatea hautatzen dute, funtsezko osasun-arreta ematen baitiete”, dio.

Pérez Urdialesek azaldu duenez, doako osasun-zerbitzuek, etorkinak artatzeaz gainera, haien osasun-eskubideen alde egiten dute, eta “ikerketa honen emaitzak pisuzko arrazoi zientifikoak ematen dizkio etorkinen osasun-zerbitzuetarako sarbidearen defentsari”. Ikerketan ebatzi dute, immigranteen osasun-asistentziarako legezko eskubidea bermatzeaz gainera, behar-beharrezkoa dela arreta kulturalki egokia izatea. Eta, horretarako, funtsezkoa dela kultura-bitartekariak erabiltzea, bazterkeria saihesteko balioak indartzea eta immigranteentzako informazio-iturri irisgarriagoak eta eleaniztunak sortzea. “Gure gizartean pribilegiotzat hartzen dugu osasun-arreta, baina berez funtsezko eskubidea da. Bai gizartean zein osasun-profesionalen artean beste ikuspegi bat sustatu beharra dago”, ondorioztatu du Pérez Urdialesek.