Iñigo Urkullu Lehendakariak LABIren Aholku Batzordea deituko du datorren astelehenean

0

LABIren Batzorde Zientifiko-Teknikoa Lehendakaritzan bildu da gaur goizean, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuaren parte-hartzearekin. Batzorde Zientifiko-Teknikoak egiaztatu du, uztailaren amaieratik, bosgarren olatu hori gorenera iritsi zenetik, bilakaera epidemiologikoaren joera aldatu egin dela pandemiaren jarraipen-adierazle gehienetan. Hala ere, hobekuntza horrek ez du oraindik isla argirik izan ospitaleko edo ZIU oheen okupazioan. Halaber, aldaera berriek eta  txertaketa-kanpainan emandako aurrerapausoak egoera epidemiologikoan izan dezaketen eragina aztertu du Batzorde Zientifiko-Teknikoak.

Une honetan, Batzordeak hiru helburu planteatzen ditu:

  •  Lehenik eta behin, beheranzko joera berretsi, bai intzidentzia epidemiologikoari dagokionez, bai ospitaleko presioari dagokionez.
  •  Bigarrenik, birusaren aldaera berriek eragindako gorabehera larririk ez dagoela ziurtatu.
  • Eta hirugarrenik, txertaketa kanpaina aurrera egiten duela eta herritar guztiei immunizazio-estaldura are handiagoa eskaintzen diela bermatu.

Testuinguru horretan, abuztua amaitu arte gaur egun indarrean dauden neurriak mantentzea gomendatu du Batzorde Zientifiko-Teknikoak eta,  Bizi Berri IV Planak eta COVID-19 pandemia Kudeatzeko Neurrien Legeak ezartzen dituzten jarraibideen arabera, neurri horiek irailaren hasierarako doitzea,.

Gomendio horiekin bat etorriz, Iñigo Urkullu Lehendakariak erabaki du LABIren Aholku Batzordearen bilera deitzea datorren astelehenerako.

 

TXERTAKETA

Ahalik eta pertsona gehien txertatuta ikastaroa hasteko helburuarekin, Osasun Sailak eta Osakidetzak dei berezia egiten diete ikasle guztiei eskolak hasi aurretik txertoa hartzeko hitzordua eskatu dezaten. Gaurtik aurrera, Osakidetza SMS bana bidaliko dizkie oraindik txertorik hartu ez duten 12 eta 24 urte bitarteko gazteei. Gaur egun eta irailaren 13ra arte, 71.204 hitzordu daude libre.