Bildarratz sailburua eta euskal unibertsitateetako errektoreen arteko bilera

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak bilera izan du gaur goizean Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitateetako errektoreekin: Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearekin, José María Guibert Deustuko Unibertsitateko errektorearekin eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorearekin. Topaketak aurreko ikasturtearen bilakaerarekin lotutako alderdi nagusiak aztertzeko balio izan du, bai eta 2021-2022 ikasturte berrirako lehentasunak eta erronka nagusiak aztertzeko ere.

Bileraren hasieran, Bildarratz sailburuak –Adolfo Morais Unibertsitatea eta Ikerketa sailburuordea lagun zuela- eskerrak eman nahi izan dizkie errektoreei, azken hilabeteetan koordinazioan eta lankidetzan erakutsi duten konpromisoagatik. Pandemiak gizarte osoa jarri du proban -baita Euskal Unibertsitate Sistema ere-, eta lortutako emaitzek erakutsi dute unibertsitateek hartutako neurriak eta erabakiak egokiak izan direla. Errektoreen lanari esker, baina baita fakultateetako dekanoen, irakasleen eta, oro har, unibertsitateetako langile guztien lanari esker ere, ikasleek dagozkien ikasketak berme guztiz eta beharrezko kalitate akademikoarekin egin ahal izan dituzte.

Joan den apirilean, errektoreek eta Hezkuntza sailburuak -bere lan taldearekin batera-, gisa honetako beste bilera bat izan zuten, hastear dagoen ikasturteari begira lehentasunak zehazteko. Orduan, lan-ildo eta koordinazio-talde berriak definitu ziren, eta ordutik egindako lanari esker, 2021-2022 ikasturteko plangintza zehaztu ahal izan da. Gaur goizean egindako bileraren helburua  adostutako neurriak sendotzea izan da, pandemiak bizi duen uneari buruzko irakurketa berri bat egitea, eta unibertsitateen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko koordinazioa are gehiago indartzea.

Ikasturte berriari begira, bai Hezkuntza Sailak eta baita euskal unibertsitateek helburu bera izango dute: normaltasun akademikoa berreskuratzea, %100eko presentzialtasuna lortuz. Helburu horrekin batera, prestakuntza bikaina lortzea, euskal unibertsitate-sistemaren nazioartekotzea bermatzea eta indartzea, unibertsitatea+enpresaren aldeko apustua zabaltzea eta bikaintasuneko ikerketaren aldeko apustuari lehentasuna ematea ere izango dira helburuak. Laburbilduz, unibertsitateen eta gizartearen arteko harreman handiagoa lortzea, ikasleei ahalik eta prestakuntza egokiena eskainiz. Hori guztia Osasun Sailarekin une oro koordinatuta, COVID-19k hirugarren urtez jarraian unibertsitatearen ohiko garapenean eragina izaten jarraituko baitu. Ildo horretan, Hezkuntza sailburuak eta hiru errektoreek azpimarratu eta eskertu nahi izan dute Osasun Saileko arduradunen aldetik une oro aurkitu duten jarrera, pandemiaren ondorioz orain arte aplikatu behar izan diren neurriak erabakitzeko eta definitzeko orduan.

Jokin Bildarratzek, Eva Ferreirak, Jose Maria Guibertek eta Vicente Atxak, euskal unibertsitateak pandemiaren aurrean gune seguruak direla azpimarratu nahi izan dute. Aurreko ikasturtean hartutako prebentzio-neurriek eta ikasleen eta unibertsitateko langileen txertaketak hurrengo ikasturteari begira ikuspegi baikorra izatea ahalbideratzen dute. Bereziki nabarmendu nahi izan dute aurreko ikasturte osoan unibertsitateko ikasleek erakutsi zuten konpromisoa, une bakoitzean hartutako neurriak errespetatuz eta ikasturtea behar bezala osatzea ahalbidetu zuten erabaki akademikoak onartuz.

Gaur goizean izandako bileraren ostean, Hezkuntza Sailak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak lankidetza eta koordinazio estuarekin jarraitzeko beharra berretsi dute, ikasleen eta ordezkatzen dituzten erakundeen mesedetan.