Bildarratz sailburuak 2021-2022 ikasturtearen hasierarako protokoloaren neurri nagusiak azaldu ditu

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak gaur goizean azaldu ditu irailaren 8an hasiko den 2021-2022 ikasturterako neurri nagusiak. Hezkuntza Sailak gaur goizean ikastetxeetara bidali duen protokoloan daude jasota neurriok.

Bildarratzek gogorarazi duenez, joan den ikasturtearen amaieran, ekainean, berak zuzentzen duen Sailak prest utzi zuen ikasturte berrirako protokoloa, ikastetxeetako zuzendaritzekin eta Osasun Sailarekin elkarlanean egina. Adierazi duenez, nahiz eta oso dokumentu kontserbadorea izan eta joan den ikasturteko ia neurri guztiak mantentzen zituen, hura osatzen lan egin zuen taldea jakitun zen abuztuaren amaieran berrikusi egin beharko zela, egungo egoerara egokitzeko. Lan hori Osasun Sailarekin batera egin da azken egunotan.

Sailburuak adierazi duenez, oinarrizko neurriei dagokienez, ikasturte berria aurrekoa amaitu zen bezala hasiko da, antzeko neurriekin. Beraz, ikasturte honetan ikastetxeetan jarraituko dute segurtasun-distantziek (1,5 m), higiene-neurriek, aireztapen egokiak, kontaktu mugek edo maskarek. Oinarrizko neurri horiekin batera, berrikusitako dokumentu berriak 12 urtetik gorako ikasleen txertaketa-prozesua ere azpimarratzen du, gaixotasunaren prebentzioan garrantzi eta eraginkortasun handiko neurri gehigarri gisa, duela oso hilabete gutxi arte izan den neurria.

Dokumentuak, halaber, arreta merezi duten beste berrikuntza batzuk ere baditu:

  • Ikastetxeetara ekainean bidalitako dokumentuak Lehen Hezkuntzan burbuilak (edo Bizikidetza Egonkorreko Taldeak) eratzea jasotzen zuen, betiere maskara erabilita. Gainera, gela bakoitzaren barruan 4 edo 5 ikasleko azpitalde egonkorrak osatu ahal izango dira. Eguneratutako protokoloak neurri hori mantentzen du Lehen Hezkuntzarako.
  • DBHko 1. eta 2. mailetan ere egin ahal izango dira lan-azpitalde egonkorrak, 3 edo 4 ikasleren taldekatze egonkorrak. Taldekatze horien arteko distantzia 1,5 metrotik gorakoa izango da, eta egonkor mantenduko dira gutxienik 10 egunetik gorako oporraldiak igaro bitartean
  • Bestalde, protokoloa berrikusterakoan eskolaz kanpoko jarduerei dagokien atala osatu eta garatu egin da. Jarduera horiek burutu ahal izateko oinarrizko segurtasun neurri batzuk zehaztu dira. Ikastetxeen edo eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen dituzten elkarteen eskariz egin dugu hau, jarduera hauek berme osoz garatzen hasi ahal izan daitezen ikasturte berrian. Dokumentu berrian jasotako neurri orokor horiek lagungarriak izango dira eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen dituzten erakundeek beren protokoloak gara ditzaten.
  • Ikasturte berrirako protokoloak Barnetegietarako propio sortutako eranskin bat ere badauka. Pandemia hastearekin batera bertan behera utzi behar izan ziren Hezkuntza Sailetik antolatzen diren “Euskal Girotze Barnetegiak”. Jarduera hau berriro abian jartzea lehentasuna izan da Sailarentzat, euskara ikasteko prozesuari bultzada eraginkorra emateko gune garrantzitsuak baitira hauek. Berariazko protokolo edo eranskinarekin, ikasturte berrian Barnetegiak berriro martxan jarriko dira.

Aipaturiko alderdi horiez gain, berrikuspenean are gehiago azpimarratu dira prebentzio pertsonaleko neurriak. Eskuetako higienearen garrantzia bezalako auziak dira, edo sudurra, begiak eta ahoa ez ukitzea bezalako gomendioak. Oinarri oinarrizko gaiak dira, eta Bildarratzek gogorarazi duenez, ezin dira alde batera utzi, oraindik pandemian gaudelako eta birusak gure artean jarraitzen duelako. Egoera horren aurrean, sailburuak funtsezko hiru kontzeptu azpimarratu ditu: zuhurtzia, prebentzio neurriak eta txertaketa.

Bildarratzek hizpide izan ditu, halaber, ikasturte-hasiera honetarako argi pixka bat ematen duten zenbait elementu: txertaketa-prozesuak gazteen artean azken aste honetan hartu duen erritmo ona (12 eta 19 urte bitarteko adin-tarteetan), edo joan den ikasturtean Covidi aurre egiteko lanean harturiko esperientzia.

Horrela bada, aurreko urtean legez ikasturte berri honetan ere ikastetxeek gune seguruak izaten jarrai dezaten, Bildarratzek gogorarazi du Hezkuntza Sailak beharrezko baliabide guztiak jarriko dituela berriro, irakasle gehigarriak barne. Sailak 160 milioi euro bideratuko ditu Covid baliabide gehigarrietarako. Era berean, beste 37,5 milioi euro bideratuko ditu itunpeko ikastetxeetara, Covid-19ren prebentzio-protokoloak aplikatzearen ondoriozko gastu gehigarrietarako.