Urola ibaira hondakinak ez erortzeko sarexka gehiago jarriko ditu Azpeitiko Udalak

0
Azpeitiko Udalak herriko beste lau eremutako ibai ertzetan burdinezko sarexkak jarriko ditu, Urola ibaia hondakinetatik babesteko helburuarekin. Oraingoan, guztira, 1.400 metro sarexka jarriko dira, baranda duten ibai ertzetan. Obra horren inbertsioa 28,496,76€koa da, eta Foru Aldundiak 10.881,01 €ko laguntza emango dio udalari proeiktu horrengatik. Astotegian, Soreasu eta Madalena inguruan, Loiolabiden eta Amue kalean jarriko dira fase berri honetan sarexkak.

2019. urtearen bukaeran, herritar talde baten eskariz, Urola ibaira hondakin eta plastikoak ez erortzeko sarexkak jarri ziren. 2020. urtean, faseka 1.100 metro inguru sarexka jarri ziren. Jarritako helburua ondo betetzen dutela ikusita, orain, beste 1.400 metro jarriko dira; guztira, 2,5 kilometro ibai ertz babestuta geldituko dira.

Sarexkak kaleko hondakinak ibaian ez bukatzeko neurri eraginkorra direla ikusi dugu, eta horregatik jarriko dugu eremu berri horietan”, zehaztu du Aitor Bereziartua Ingurumen Batzordeburuak. Hala ere, ibaia eta ingurumena babesteko neurri eraginkorrena bakoitzak bere hondakinekin arduraz jokatzea dela azpimarratu nahi izan du.