Bizkaiak sektore kulturaleko enpresa eta autonomoentzako egiturazko laguntzak abian jarri ditu eta SAREA 2021 aktibatu du

0

Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarri du ESKENA GARATU izeneko foru dekretua egitura-gastuak laguntzeko, zehatzago esanda langile-gastuak, autonomoenak eta kultura-enpresenak. Era berean, foru erakundeak foru dirulaguntzen deialdia onartu du, udalek, erakunde autonomoek eta Bizkaiko sozietate publikoek, guztiak ere SAREAn sartuta egongo direnak, antzerki, musika eta dantza ikuskizunen programazioak egiteko.

Sektoreko profesionalek 2021ean aktibo jarraitzen langutzeko eta ESKENA GARATU dekretuaren esparruan, Bizkaiko Foru Aldundiak 228.450 euro inbertituko ditu autonomoen eta kultura-enpresen egitura-gastuak diruz laguntzeko. Gainera, foru erakundeak 500.000 euro baino gehiago bideratuko ditu SAREAN integratuta dauden antzerki, musika eta dantza ikuskizunen programazioetara.

Foru erakundeak bigarren urtez jarraian jarri ditu martxan neurri hauek jarduerari eta enpleguari eusten laguntzeko eta, horrela, COVID-19aren krisiaren ondorioz arte eszenikoen sektorea bizitzen ari den krisiaren ondorio ekonomikoak arintzen laguntzeko.

Dirulaguntza eskabideak Bizkaiko Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoan aurkeztu beharko dira (www.ebizkaia.eus).

ESKENA GARATU

Bizkaiak GARATU PROGRAMA deritzona jarri du martxan, arte eszenikoen ikuskizunak -musika, dantza eta antzerkia- antolatzeko foru dirulaguntzen deialdia. Programa honen helburua da Lurralde Historikoan kultura-eskaintza erakargarria bermatzea, lurraldea kultura-garapenari dagokionez erreferente izan dadin, eta horrelako proiektuak gauzatzeko gai diren kultura-eragileei laguntzea.

Hala, honako kontzeptu hauek lagunduko dira diruz:

  • Enpresa edo langile autonomo eskatzaileak zuzenean kontratatutako langileen gastuen %70era arte (soldatak eta gizarte-segurantza).
  • Langile Autonomoen Araubide Bereziari (LAAB) egindako ekarpenaren %70 arte, autonomoen kasuan.

Dirulaguntza eskabideak Bizkaiko Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira (www.ebizkaia.eus) 2021eko irailaren 24tik 2021eko urriaren 18ko 13:30ak arte.

SAREA

Aldundiak SAREAn integratuta dauden Bizkaiko Lurralde Historikoko udalek sustatutako antzerki, musika eta dantzako ikuskizunen programazioak sustatzen jarraitzen du, arte eszenikoen arloko programazio egonkorra sustatzeko eta ikusleei ikuskizun eszeniko horien kontsumoa errazteko.

2021eko ekitaldi honen deialdiak antzokiei eta, batez ere, konpainiei beren jarduera profesionala erraztuko dien tresna bihurtu nahi du. Ildo horretatik, udal antzokien eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza jarduera eszenikorako gako nagusi gisa aurkezten da.

Dirulaguntza eskabideak Bizkaiko Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira (www.ebizkaia.eus) 2021eko irailaren 7tik 2021eko irailaren 27ko 13:30ak arte.