Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak Getxoko Udalak deitutako elkarretaratzean parte hartu du gaur eguerdian, bertako gazte batek Plentzian jasandako bortxaketa gaitzesteko. Landaidak, atzo Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuarekin eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuarekin batera Plentzian egin zuen bezala, bere babes osoa eskaini dio gazteari eta haren familiari, eta gizarte osoari dei egin dio «emakumeen askatasunaren kontrako edozein jarreraren aurrean jarrera aktiboa» erakuts dezan. «Emakumeen aurkako indarkeria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpen bortitzena da, eta nagusitasun eta botere harremanen gainean eraikitzen da», adierazi du eta gaineratu du beharrezkoa dela «gizartea, oro har, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde mugitzea, berdintasunean aurrera egitea baita emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko modu bakarra».