Darabilbok doako eta euskarazko aisialdi-jarduerei ekingo die berriro

0

Bilboko Udalak eta Bilboko euskaltegien sareak aisialdian euskararen erabilera sustatzeko elkarrekin antolatzen duten Darabilbo programak itzuliko da aste honetan, euskara ikasten ari direnentzako edo euskara maila hobetu nahi dutenentzako eta euskaraz bizi nahi dutenentzako doako jarduera berriekin.

Udako oporraldiaren ostean, Darabilbok irailaren 3an hasiko du denboraldi berria, Bilboko Arte Ederren Museorako bisita gidatu batekin. Jarduera horretarako izena emateko nahikoa da posta elektronikoko mezu bat bidaltzea darabilbo@gmail.com helbidera, edo telefono honetara deitzea: 607 530 132.

Horrez gain, irailean, beste bi jarduera gauzatuko dira: bat irailaren 24an, barikuarekin, elikadura tailer bat online, Andrea Larrea eta Nahia Zeziagaren eskutik, 18:30etik aurrera, eta beste bat irailaren 25ean, zapatuan, garagardoa dastatzeko saio bat, 12:00etatik aurrera, Garagardoaren Katedralean, Mario Birretiren eskutik.

Eskaintza osoa eta informazio gehiago darabilbo.eus web orrialdean. Jarduera guztiak unean uneko osasun-segurtasuneko neurrien eta gomendioen arabera egingo dira, eta, horregatik, gerta liteke eskaintza aldatzea.

DARABILBO

Darabilbo Bilboko Udalaren programa bat da, Bilboko Euskaltegien Sarearekin elkarlanean prestatzen dena, eta helburua da aisialdian euskararen erabilera sustatzea, bai hizkuntza ikasten ari diren pertsonen artean, bai euskaraz bizi gura dutenen artean.

Darabilbo 2013an abiatu zen, eta, harrezkero, askotariko jarduerak sartu ohi dira programan. Jarduerak taldean egiten dira, urteko hilabete guztietan (uztailean eta abuztuan izan ezik) eta barruti guztietan.

Horrenbestez, parte hartzezko ekimena da guztiz, bai garapenean, bai diseinuan, erabiltzaileek eurek jarduerak proposatu ahal dituztelako, programari eransteko. Proposamenak whatsapp-ez egin daitezke, 607 530 132 telefonoan.