Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak Pertsona Gor-itsuen Estatuko Federazioaren (FASOCIDE) XVIII. topaketaren inaugurazio-ekitaldian parte hartu du gaur goizean, ONCE erakundearen Bilboko egoitzan.
Eskaini duen hitzaldiaren hasieran, Amilibiak zeinu-hizkuntza erabiliz agurtu ditu bertaratutakoak. Ondoren, Hellen Keller idazle, sufragista eta aktibista gor-itsuaren figura azpimarratu du: “Zuek Hellen Keller zaretela esatera etorri naiz. Eta, hura bezala, gizakiaren osotasunaren aldeko borrokaren eredu zarete”.
Beatriz Artolazabal buru duen Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko sailburuordeak gaineratu du osotasuna lortzeko egindako ibilbide hori ezinezkoa izango zela Anne Sullivan eta beste batzuk gabe. “Annek prestatu zuen Hellen Keller, eta hark erakutsi eta lagundu zion, trakoma batek eragin zion itsutasuna gainditu ondoren”, gogorarazi du Amilibiak, eta ondoren azpimarratu duenez, “Anne Sullivan gabe Hellen Keller-en bizitza oso desberdina izango zen”.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako gizarte-zerbitzuen arduradunak adierazi duenez, “gure garaiko Anne Sullivan-en kopurua eta prestakuntza handitzera bideratu behar ditugu ahaleginak”. Amilibia ziurtasun osoz adierazi duenez, «hirugarren sektoreko erakundeen babesarekin –Euskadin harro gaude erakunde horietaz, eta egiten duten lana aitortzen diegu–», euskal gizarteak aurrera egingo du «gor-itsuen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko bidean».
Sailburuordeak, halaber, eskertu egin du FASOCIDEk bere topaketak egiteko berriz ere Euskadi aukeratu izana.