Bizkaiko Foru Aldundiak gerra-guneetatik edo osotasun fisikoa eta giza eskubideen errespeturik oinarrizkoena arriskuan jartzen duten guneetatik ihes egitera behartuta dauden pertsonak hartzeko konpromisoari eusten dio.
Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatua, zeinaren arloak barne hartzen baititu lankidetza eta dibertsitatea, Nilofar Bayatekin elkartu da gaur, hain zuzen, talibanengandik ihesi Afganistandik gure lurraldera (senarrarekin batera) iritsi den lehenengo pertsonarekin.
Bilboko Bidaideak BSR gurpil-aulkiko saskibaloi-taldeak fitxatu du Bayat, eta Laespada diputatuak, egin dituen izapideen bidez, jarraipena egin dio, eta babesa eman, emakume eta kirolari horren iritsierari, zeina azkartu egin baita haren jatorrizko herrialdeak bizi duen egoera eutsiezinak.
Laespadaren esanetan, azken asteetan gutxienez 39 pertsona heldu dira Afganistandik Bizkaira; Aldundiak «babesa ematen die, eta beste erakunde batzuekin lankidetzan irtenbide duin bat bilatzen du».
Foru-erakundeak Goihabe izeneko harrera-programa bat jarri zuen abian 2016an, Siriako gatazka belikoak eragindako exodoaren testuinguruan. Programa horrek martxan jarraitzen du eta orduz geroztik, 700 pertsona baino gehiagori eman die arreta.
Programa hori (apartekoa, arrazoi humanitarioak direla-eta sortua) errefuxiatuei modu integral eta koordinatuan laguntzeko jaio zen, kontzeptu horren zentzurik zabalenean. Cáritas, CEAR‑Euskadi, Gurutze Gorria, Ellacuría Fundazioa eta Lagungo Fundazioa erakundeen bitartez garatzen da.