Euskara ikasteko matrikulazio kanpaina zabalik hiriko euskaltegi eta zentro homologatuetan

0

Donostiako Udalak eta hiriko euskaltegiek eta zentro homologatuek euskara ikasteko deia egin diete donostiarrei. 2021-2022 ikasturtean euskara ikasi nahi dutenek izena emateko aukera dute irailean hiriko euskaltegietan eta zentro homologatuetan. Hori gogoratzeko, dagoeneko sendotuta dagoen #euskaldunízate leloa duen kanpaina jarri dute martxan.

Edurne Otamendik, Euskara Zerbitzuaren buruak eta euskaltegi eta zentro homologatuetako ordezkariek elkarrekin aurkeztu dute #euskaldunízate kanpaina. Edurne Otamendik adierazi du kanpainaren leloak ezin hobeto jasotzen duela zabaldu nahi den mezua, “eta horregatik erabili dugu aurreko urteetako lelo bera. #euskaldunízate hitz-jokoak euskalduntzeko modu ugari adierazten ditu, eta euskaraz eta gaztelaniaz du esanahia: euskaldun izatea, euskaraz, eta euskara ikasita euskalduntzea, gaztelaniaz”.

Eskaintza zabala eta egoera berrira egokitua

Aurreko ikasturtean egin zen bezala, Covid-19ak eragindako egoerak eskatuta, euskaltegi eta zentro homologatuetan emango diren aurrez-aurreko ikastaroetan, segurtasun-neurri guztiak bermatuko dira, eta taldeek ikasle-ratio txikiagoa izango dute. Era berean, ikastaro-aukera zabalagoa ere izango da: ohiko aurrez-aurrekoez gain, aurrez-aurreko ikastaro telematikoak ere egin ahal izango dira (ikastaroek ordutegi itxia izango dute eta irakaslearekin telematikoki jardungo da.)

Horrekin batera, autoikaskuntzako ikastaroak ematen segituko dute euskaltegiek. On line ikastaroak emateko programak dira, eta, kasu horietan, ikasle bakoitzak bere kasa antolatzen du egin beharreko lana, bakarka eta egokien irizten dion ordutegian. Horri gehitzen zaizkio zenbait tutoretza edo mintza-saio.

2021-2022 ikasturterako dirulaguntzak eskatzeko epea eta baldintzak

2021-2022 ikasturtean euskara ikasi nahi dutenek Donostiako edozein euskaltegitan izena emateko aukera izango dute. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak ikastaro horietarako dirulaguntza eskatzeko epea urriaren 1ean zabalduko du. Ikasleek, ikasturtean zehar, ikastaroa hasten duten egunetik hilabeteko epea izango dute dirulaguntza eskatzeko

Dirulaguntza Euskara Zerbitzuan (Konstituzio plaza, 2) edo Udalinfo bulegoetan (Eason, Arrokan, Morlansen eta Altzan) eskatu ahal izango da. Era berean, dirulaguntza eskaera online egiteko aukera ere izango dute herritarrek www.donostia.eus eta www.donostiaeuskaraz.eus web orrietan.

Dirulaguntzak jasotzeko baldintzak ondokoak dira:

Eskatzeko baldintzak:

  • 16 urtetik gorakoa izatea.
  • Donostian erroldatuta egotea, edota egoitza soziala Donostian duen entitate edo enpresa batean lan egitea.

Jasotzeko baldintzak:

  • Euskaltegi edo zentro homologatu batean matrikulatu.
  • Eskabidea, behar bezala beteta, eta nahitaezko dokumentazioa ezarritako epean aurkeztu.
  • Ikasturte amaieran, gutxienez azpi-maila bat gainditu eta %75eko asistentzia egiaztatu.