Gogora institutuak “Buesa. Hitzaren balioa. Konpromisoaren balioa” erakusketa hartuko du

0

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak “Buesa. Hitzaren balioa. Konpromisoaren balioa” erakusketaren inaugurazioan parte hartu du Gogora Institutuaren Bilboko egoitzan. Sailburuarekin batera izan dira Jose Antonio Rodríguez Ranz, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako sailburuordea; Aintzane Ezenarro, Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria; Marta Buesa, Fernando Buesaren alaba eta Fundazioko patronatuko kidea; eta Eduardo Mateo, erakusketaren komisarioa.

Beatriz Artolazabalek esku-hartzean esan du Fernando Buesa demokraziaren lehenengo mende laurdeneko Euskadiko politikorik garrantzitsuenetako bat izan zela. Eta, horrez gainera, nabarmendu du bere pertsona, bere ibilbide politiko eta pertsonala, aldarrikatzearen garrantzia, erakusketak egiten duen bezala. “Izan ere, terroristak biktimei nortasuna eta gizatasuna kentzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu; ETAren ia mila biktimak pertsona gisa izan nahi ditugu gogoan, ez zerrenda beltz eta makabro bateko zoritxarreko zenbaki gisa bakarrik”.

Artolazabal sailburuak, memoriari buruzko politika publikoen arduradunak, gogorarazi du memoria erakundeen eta gizarte osoaren eskubidea ez ezik, betebeharra ere badela. “Izan ere, biktima guztiei eta Fernandoren memoriari egin diezaiekegun omenaldirik onena da etorkizuna eraikitzean egia eta herritarren konpromisoa, konpromiso demokratikoa eta etikoa esan nahi duen memorian oinarritzea; etorkizuna eta bizikidetza ere esan nahi duen memorian oinarritzea”.

Bestalde, Artolazabalek gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak memoriadun etorkizuna eraikitzeko hartuta duen konpromisoa, zutarritzat “pertsonaren duintasuna, terrorismoaren eta beste edozein indarkeria-adierazpenaren zentzugabekeriaren gaitzespenik eta deslegitimaziorik erradikalena eta giza eskubideen babes eta berme eraginkorra” hartuta.

Alde horretatik, “bakeak eta bizikidetzak esan nahi dute eragindako kaltea aitortzea eta erantzule zuzenek eta euren unibertso politikoak benetako autokritika zintzoa egitea”, berretsi du, bai eta “Fernandoren eta Jorgeren hilketa bidegabea izan zela aitortzea ere; ETAren biktima bakoitzaren eta guztien hilketa bidegabea izan zela aitortzea ere”.

Beatriz Artolazabalek Fernando Buesa Fundazioa egiten ari den lana ere aitortu du, eta Marta Buesari eta Eduardo Mateori eskerrak eman dizkie “gure memoria kolektiboa eraikitzean egindako ekarpen ezin baliotsuagoagatik, gure herriaren DNAren oinarrizko osagai den aniztasun politikoaren aldeko defentsa irmoagatik”.

Sailburuaren ondoren, Eduardo Mateok, erakusketaren komisarioak, hartu du hitza, eta adierazi du lanean hogei urte eman ondoren, erakusketa honek bere bideari jarraitzen dion proiektu baten emaitza erakusten duela, “bide horretan topaketa eta hausnarketa dira euskarria gizartea anitzagoa izan dadin eta Fernandok hainbesteko grinaz aldeztu zituen balioekin, hau da, elkarbizitzarekin, askatasunaren defentsarekin, demokraziarekin eta giza eskubideekin, konpromiso handiagoa har dezan”, esan du.

Azkenik, Marta Buesak, Fernando Buesaren alabak eta Fundazioaren patronatuko kideak, hitz egin du eta belaunaldi berriei terrorismoa zer izan zen azaltzearen eta gogora ekartzearen garrantzia azpimarratu du. Bestalde, “erakusketa honek ez du nire aitaren bizitza bakarrik ekartzen gogora, garai hartan Euskadin nola bizi ginen eta ETAk ehunka pertsonari bizia eta, horrekin, gizarte osoari askatasuna eta bakea, zein egoeratan kendu zizkien azaltzen du”, adierazi du. Era berean, Buesak azpimarratu du ETA akabatuta ere, “haren legitimazio sozialak eta politikoak oraindik hor jarraitzen” duela, eta “gurea bezalako fundazioen lana inoiz baino beharrezkoagoa” dela, “askok eta askok nahi baitute terrorismoak ekarri duenaren arrastoa ezabatu eta nahasketa eragin”.

Buesa. Hitzaren balioa. Konpromisoaren balioa” erakusketa Gogora institutuaren egoitzan ikusi ahal izango da (María Díaz de Haro 3, Bilbo) gaurtik irailaren 30era arte, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara.

Erakusketa

Erakusketa Fernando Buesa Blanco Fundazioak antolatu du politikari sozialistaren hilketaren eta bere izena daraman Fundazioa sortu zeneko 20. urteurrenarekin bat eginez.

Erakusketaren komisarioak Antonio Rivera Blanco, UPV/EHUko Historia Garaikideko katedraduna, eta Eduardo Mateo Santamaría, Fernando Buesa Blanco Fundazioaren proiektu eta komunikazio arduraduna dira, eta Eusko Jaurlaritzaren, Terrorismoaren Biktimen Fundazioaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazioaren laguntza eta babesa ditu.

Erakusketaren arduradunen arabera, “duela hogei urte hil zituzten Fernando Buesa Blanco eta haren bizkartzaina, Jorge Diez Elorza, eta beste hainbeste urte ditu bere izena daraman Fundazioaren ibilbideak ere. Logika sektario batek hil zituen orduan, eta alderantzizko beste logika batek, pluralismoaren, zuzenbide estatuaren eta demokraziaren oinarriaren gainean ezberdinen arteko topaketa bilatzen duenak, eman digu indarra urte horietan guztietan. Fernandok hitzetan zuen konfiantza hark, besteekin harremanak izateko eta ekintzarako puntu komunak bilatzeko argudio bakar gisa, herritartasun askearen eta berdinen artekoaren aldeko apustua elikatzen jarraitzen du, indarkeriarik eta zapalkuntzarik gabe, baina memoriari eutsiz. Aldaketez eta jarduerez betetako bi hamarkada nahikoa denbora dira une batez atzera begiratzeko, ibilitakoa baloratzeko eta gure etorkizuneko konpromisoa are gehiago indartzeko”.

Erakusketa Gasteizko Vital Fundazioaren Erakusketa Zentroan  egon zen ikusgai joan den udazkenean, eta orain Bilbora iritsi da. Bere bideari jarraituz, urtearen amaieran Donostian izango da.

Bestalde, erakusketa modu birtualean ere ikus daiteke Fundazioaren webgunetik (www.fundacionfernandobuesa.com), eta erakusketaren katalogoa, berriz, honako estekatik jaits daiteke PDF formatuan:

http://www.fundacionfernandobuesa.com/files/Exposicion_BUESA_catalogo_digitalpdf.pdf