Hezkuntza Sailak harrera egin die 2021eko Urruzuno literatura lehiaketako saridunei

0

Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan jaso dute aitortza 2021eko Urruzuno Literatura Lehiaketan irabazle izan diren 20 neska-mutil gazteek, Amaia Agirre Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berriztatzearen zuzendaria buru zela ospatu den ekitaldian. Bost egunez Arantzako aterpetxean (Nafarroan) egonaldia egin ondoren iritsi dira gazteok Gasteizera. Izan ere, abuztuaren 30ean hasi eta gaur arte, sormena lantzeko tailerretan eta beste hainbat jardueratan parte hartu dute gazteok, berriro ikasturteari heldu aurretik elkarrekin egun gogoangarri batzuk pasatzeko aukerari uko egin gabe. Egonaldi hauxe izan dute irabazleek sari nagusia. Aurten 36. ediziora iritsi da gazteen literaturzaletasuna bultzatzeko Hezkuntza Sailak 1986tik antolatzen duen lehiaketa.

2021eko lehiaketaren irabazleekin batera, iazko sarituak ere bertan izan dira, aurreko urtean ezin izan baitzen ekitaldirik burutu, pandemia tarteko.

Literatura egonaldia Arantzan

Bost egunez, lagun izan dituzte Arantzako egonaldian Yolanda Arrieta, Fernando Morillo, Eneko Aizpurua edo Eñaut Elorrieta, besteak beste. Idazle, musikari eta sortzaile hauekin gertuko eta zuzeneko harremana izan dute gazteek. Arrietaren eskutik, literatura tailerretan parte hartzeko aukera izan dute; Eneko Aizpuruarekin, ibilbide literarioa osatu dute Bortzirietako parajeetan, idazlearen Bidasoan gora lana abiapuntu hartuta; Eñaut Elorrietaren gitarra eta ahotsek, berriz, ahaztezin bihurtu dute idazle gazte hauen egonaldia arratsalde batez; eta Amaia Elizagoien Amelie-ren ipuin kontaketa musikatuarekin, gaubelaren bat uste baino gehiago luzatu da. Baina aipaturiko horiez gain, Andoni Egañak eta Jon Maiak giroturiko bertso bazkaria eta gaubela literarioak ere izan dira aste honetako egitarauan. Sormena lantzeko eta literatura-zaletasuna pizteko abagune polita gazteontzat, ikasketetara itzuli aurretiko azken opor egunetan.

Aisialdiko kirol jarduerarik ere izan dute egun hauetan, Arantza eta inguruak barne barnetik ezagutzeko. Espeleologia eginez, Arruzpiko kobazuloa bisitatu dute idazle gazteek.

2021eko Urruzuno Literatura Lehiaketan 342 lan aurkeztu dira orotara, 55 lan poesian eta 287 prosan. Ohi den eran, egungo euskal literaturan eta kultur munduan entzute handikoak diren izenek osatu dute aurten ere lehiaketako epaimahaia: Gari Berasaluze, Peru Iparragirre, Goiatz Labandibar, Jasone Osoro eta Patxi Zubizarreta  idazleak izan dira epaimahaikide.

2021eko edizio honetan sarituak gertatu diren lan guztiekin liburua argitaratu du Hezkuntza Sailak Sagastiberri bilduman. Liburua laster banatuko da eskola guztietara, eta parte hartzaile guztiei ere bidaliko zaie.

Urruzuno Literatura Lehiaketa, 36 urteko ibilbidea

Hezkuntza Sailak 1986an antolatu zuen lehen aldiz Urruzuno literatura lehiaketa. Hasiera-hasieratik, ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna indartzea izan du helburu ekimenak. Prosan nahiz poesian, belaunaldi gazteenek euskaraz sortutako literatura lanak zabaldu ditu lehiaketak urtez urte. Baina helburu hau ez da asmo hutsean gelditu, eta azken hamarkadetako jardunak ondo frogatu du lehiaketak bere xedea ongi bete duela. Irabazle horietako asko euskal kultur munduan sinadura ezagunak dira gaur egun, bai literaturan, kazetaritzan, bertsolaritzan edo zinemarako gidoigintzan, beste zenbait arloren artean. Dagoeneko 500dik gora dira ekimen honek saritu dituen “urruzunotarrak”, eta zerrenda horretan izenak ugarituz doaz, urtez urte.

Urruzuno literatura lehiaketa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatzen du, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendurik. Adina kontuan harturik, bi kategoria bereizten dira: A kategorian, Batxilergoan eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan ari diren gazteek hartzen dute parte; B kategorian berriz, DBHko 3. eta 4. mailetan ari direnek.

 

Urruzuno 2021 –  Saridunak

 

POESIA, A kategoria:

Ekaitz Martín Pérez

Idazlanaren izenburua: Boterearen dantza amaigabea

Ikastetxea: Gernika-Lumoko Gernika BHI

Uxue Pérez Mugika

Idazlanaren izenburua: Loredien maitalea

Ikastetxea: Beasaingo Beasain BHI

Ander Villacián

Idazlanaren izenburua: Ez-lekuak

Ikastetxea: Bilboko Botikazar BHI

Irati Eizaguirre Otegui

Idazlanaren izenburua: Hego doinua

Ikastetxea: Zarauzko Lizardi BHI

Nahia Urteaga López

Idazlanaren izenburua: Ohe zurian

Ikastetxea: Loiuko Lauro Ikastola

 

POESIA, B Kategoria:

Maddi Agirre Epelde

Idazlanaren izenburua: Portzelanazko panpina

Ikastetxea: Vitoria-Gasteizko Armentia Ikastola

Leyre Rivera Cuevas

Idazlanaren izenburua: Nire bizitzako mamuek zure izena daukate

Ikastetxea: Vitoria-Gasteizko Santa María Ikastetxea-Marianistas

Maddi Guraya

Idazlanaren izenburua: Korrika bizian amildegiratzen den urpekaria

Ikastetxea: Sopelako Ander Deuna Ikastola

Izaro Sánchez Azcarate

Idazlanaren izenburua: Jakin-mina

Ikastetxea: Burlatako Askatasuna BHI

Irati Oskoz Egiguren

Idazlanaren izenburua: Aukeratzen ez diren bidaiak

Ikastetxea: Donostiako Arantzazuko Ama BHI

 

PROSA, A Kategoria:

Maider Eraunzetamurgil Elustondo

Idazlanaren izenburua: Eppur si muove

Ikastetxea: Tolosako Laskorain Ikastola

Onintze Arrastia Mauleón

Idazlanaren izenburua: Izarrak zeruan

Ikastetxea: Lizarrako Lizarra BHI

Txomin Valverde Costa

Idazlanaren izenburua: 240 segundo

Ikastetxea: Leioako Artaza Romo BHI

Xuban Senar Usandizaga

Idazlanaren izenburua: Hesitik haratago

Ikastetxea: Irungo Pio Baroja BHI

Maider Zugasti Rodríguez

Idazlanaren izenburua: Gutun klandestinoa

Ikastetxea: Hernaniko Hernani BHI

 

PROSA, B kategoria:

June Aiestaran Iparragirre

Idazlanaren izenburua: Mendekuen fabrika

Ikastetxea: Beasaingo Beasain BHI

Nahia Iturbe Orbegozo

Idazlanaren izenburua: Beirazko esfera

Ikastetxea: Tolosako Laskorain Ikastola

Unax Muniozguren Alonso

Idazlanaren izenburua: Ilargiaren eskuetan

Ikastetxea: Gernika-Lumoko Gernika BHI

Oihana Fernández de Larrinoa Ibarbia

Idazlanaren izenburua: Odolkiak ordainetan

Ikastetxea: Villabonako Erniobea BHI

Naia Urtaran Bilbao

Idazlanaren izenburua: Heriotza Gorria

Ikastetxea: Murgiako Murgia BHI