1,2 milioi euro Eskolatze Osagarriko Programetarako

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Eskolatze Osagarriko Programak garatzeko diru-laguntzetarako deia egiten duen Agindua. Laguntza ekonomiko hauek itunpeko ikastetxeei, irabazi asmorik gabeko entitateei, mankomunitateei, udalei edo azken hauek sortutako entitateei zuzenduak dira, betiere 2021-2022 ikasturtean Eskolatze Osagarriko Programak abian jartzeko asmotan badira eta horretarako proiektua aurkezten badute. Deialdi honek 1.211.250 euroko diru-kopurua du orotara. Diruz lagunduriko programa bakoitzerako 63.750 euro bideratuko ditu gehienez.

Eskolatze Osagarriko Programak hezkuntza-premia bereziak –eskolara moldatzeko zailtasunei lotutako egoera larrietatik sortutakoak- dituzten ikasleei laguntzeko sortuak dira, hain zuzen ere beren hezkuntza-prozesuen aurrean, ikaskideen eta irakasleen aurrean eta gizarte-ingurunearen aurrean jarrera positiboak garatzen laguntzeko. Programen xedea hauxe da: aipaturiko ikasleei, berariazko taldeetan antolatuta, beren garapen pertsonalerako, berriro eskola-sistema arruntera egokitzeko edo ondoren lanbide-hastapeneko ikasketei ekiteko baliagarriak diren ikaskuntzak eskaintzea, helduaroan eta bizitza aktiboan sartzeko gaituko baitira hauen bidez.

Nolanahi ere, tailerren bidez curriculumeko alor instrumentala lehenesten dute programok, betiere ikasleen beharretara egokitutako metodologia erabiliaz. Programa hauek berritzaile izaten eta ikasleen jakingura piztuko duten jarduerak burutzen egiten dute ahalegina. Era horretan, ikasleen motibazioa lortzen dute, hezkuntza-ibilbidean jarrai dezaten.

Programa hauek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduak dira, programa hasten den urteko abenduaren 31n gehienez 15 urte beteta dituzten ikasleei zuzenduak. Aldi baterako neurri gisa ulertu behar da, inoiz ez behin betiko, ikaslea ahal bezain laster sistema arruntean berriro sartzea lortu nahi baita. Era berean, ezohiko neurria ere bada, DBHren ohiko araubidean aniztasunari erantzuteko aurreikusitako gainerako neurriak agortu ondoren aplikatzekoa, hala nola, hezkuntza-indargarriak, curriculuma egokitzekoak edo berariazko parte hartze proiektuak.

19 programa, 226 ikasle

Hezkuntza Sailak bere ekimenez garatzen ditu programa hauek beharrezko diren ikastetxe publikoetan, baina gorago aipaturiko entitateekin lankidetzan ere aplikatu daitezke. Hain zuzen ere, aurreko 2020-2021 ikasturtean Eskolatze Osagarriko 19 programa lagundu zituen diruz Hezkuntza Sailak deialdi honen bidez, guztiak ere Euskadiko 17 entitatek garaturikoak. Orotara 226 ikaslek hartu zuten parte 19 programa horietan.