Eusko Jaurlaritzak 12 milioi zuzendu ditu pandemiak gaueko aisiako establezimenduetan izan dituen eraginak arintzera

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarekin batera.

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Gobernu Kontseiluak gaur goizean onatu duen laguntza-programa berria aurkeztu du, hain zuzen, 12 milioi euroko laguntza-programa pandemiak gaueko aisiako establezimenduetan izan dituen eraginak arintzeko.

Sailburuak azaldu duenez, gaueko aisiarako laguntza hauek “Sail honek argitara emandako aurrekoak bezala, 3 printzipiotan oinarritzen dira. Lehenik eta behin, gehien behar duten sektoreetarako dirainor ez dadin atzean geratu. Bigarrenez, jarduerari eta enpleguari eusteko dira eta, horrenbestez, establezimendu hartzaileei eskatzen zaie jarduerari eustea gutxienez 4 hilabetean. Azkenik, hartzaileen eskuetara ahalik eta azkarren iristea da asmoa, enpleguari eusteko helburu hori bete ahal izateko”.

Turismo Sailak jada hainbat laguntza eman ditu sektorerako, besteak beste, Covid 2020 ezohiko laguntzak (25 milioi), Euskadiko ostalaritzarentzako 30 milioiko laguntzak edo Turismoari eusteko plana17 milioikoa.

GOBERNU KONTSEILUAREN BESTE AKORDIOAK

Bingen Zupiria Jaurlaritzaren bozeramaileak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak gaur onartu duela hirigintza inklusiboari buruzko diru-laguntzen deialdia. Diru-laguntza horien helburua da genero-ikuspegia sartzea udal-plangintzan eta -hirigintzan, eta, besteak beste, lurraldeko baliabide eta ekipamenduetarako sarbidean gizonen eta emakumeen berdintasuna bermatzea eta espazio publikoetan emakumeen segurtasuna handitzea. Udalei zuzendutako laguntzek 200.000 euroko zuzkidura dute guztira.

Hezkuntzaren arloari dagokionez, ikasturtea hastearekin batera, Gobernu Kontseiluak argi berdea eman die hainbat laguntza-deialdiri.

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du 2021-2022 ikasturtean gailu digitalak erosteko familientzako dirulaguntza deialdia. Gailu horiek Euskadiko ikastetxeetan Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa egiten ari diren ikasleek erabiliko dituzte ikasgeletan. Deialdi honek 2.000.000 euroko zenbatekoa du.

Horrez gainera, Gobernu Kontseiluak Eskolatze Osagarriko Programak garatzeko diru-laguntzetarako deialdia onartu du, 1,2 milioi euroko diru-kopuruarekin. Laguntza ekonomiko hauek itunpeko ikastetxeei, irabazi asmorik gabeko entitateei, mankomunitateei, udalei edo azken hauek sortutako entitateei zuzenduak dira, betiere 2021-2022 ikasturtean Eskolatze Osagarriko Programak abian jartzeko asmotan badira eta horretarako proiektua aurkezten badute.

Gobernu Kontseiluak, bestalde, bikaintasunezko ikerketaren arloko agindu bat onartu du zeinaren bidez, batetik, oinarrizko ikerketako edota ikerketa aplikatuko proiektuak 2022-2024 aldian gauzatzeko dirulaguntzak deitzen dira; baina baita, bestetik, ikerketa eta berrikuntza teknologikorako laguntzak ere, unibertsitatearen eta enpresaren artean 2022-2023 aldian egin beharreko jarduerak gauzatzeko aurreikusitako fondoen kontura. Deialdi honek 1,3 milioi euroko zenbatekoa du orotara.

Halaber, Gobernu Kontseiluak onartu du 2021-2022 ikasturtean Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeetan ikas-ekinezko erregimenean Lanbide Heziketa Dualeko programak garatzeko diru-laguntzak deitzen dituen agindua, 627.900 euroko zenbatekoarekin.

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran 2021-2022 ikasturtean iraila-martxoa bitarte Lantokiko Prestakuntza deritzon modulua egingo duten Lanbide Heziketako ikasleentzako enpresako egonaldirako beken deialdia onartu du, baita ere. Laguntza hauek orotara 999.804 euroko diru-kopurua dute.

Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak jakinarazi du, Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena ospatzen dugun 2021. Honetan, Eusko Jaurlaritzak 15.000 eurorekin lagunduko duela Martin Ugalderen idatzizko produkzioaren katalogazio eta digitalizazioa.

OSASUNA

Bere aldetik, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuen berri eman du, baita txertaketa prozesuaren inguruko informazioa ere.

DIASPORA

Halaber, Zupiria sailburu eta bozeramaileak gogoratu du bihar ospatuko dela Euskal Diasporaren eguna. Aurtengo hitzordua Gasteizen izango da, streaming bidez egingo dute, eta Iñigo Urkullu lehendakariaren inaugurazioarekin emango zaio hasiera. Munduan zehar banatuta dauden 191 euskal etxeak harremanetan jarriko dira eta esperientziak partekatuko dituzte; izan ere, komunitate hau ere pandemiaren eragina bizitzen ari da. Laugarren edizio honetan Kaliforniako euskal komunitate indartsuari buruzko erakusketa bat ere antolatuko da.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena