Eusko Jaurlaritzak sendotu egin ditu Covid-19ari aurre egiteko osasun-neurriak sasoiko langileak mahatsa biltzeko iristen direnerako

0

Osasun Sailak proba diagnostikoak egingo dizkio mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko sasoiko langileen kolektiboari, bere lana “berme osoz” egin dezan, eta lanean hasi aurretik Janssen txertoaren dosi bat jartzea eskainiko dio

Osasun Sailak kanpaina bat jarri du abian mahastizaintzako eta ardogintzako lanak direla-eta Arabako Errioxako eskualdean izango diren sasoiko langileetan COVID-19ari aurre egiteko osasun-neurriak sendotzeko. Osasun Sailak eta Osakidetzak beharrezkoak diren proba diagnostikoak egingo dituzte, eta langileen osasun-laguntza bermatuko dute, beharrezkoa bada. Horrez gainera, lanean hasi aurretik Janssen txertoaren dosi bat jarriko diete oraindik txertoa hartu gabe dauden eta txertoa hartu nahi duten guztiei.

Ekimen hori Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta enpresa eta upeltegi kontratatzaileekin elkarlanean egiten ari dira.

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak nabarmendu du garrantzi handia duela COVID-19aren aurrean ahalik eta prebentzio-neurri gehien hartzeak sasoiko langileek mahastizaintzako eta ardogintzako lanak egin bitartean, “berme osoz” lan egin ahal izateko. Era berean, egiten ari diren prebentzioko eta gizarte-kontzientziazioko lana oso positiboa dela esan du. Lan hori kolektibo horrekin harremanetan dauden eragile guztiekin koordinatuta egiten ari da.

PRESTATUTAKO PROTOKOLOA

Osasun Sailak, lanean hasi aurretik, PCR proba egitea eskainiko die, baheketa modura, sasoiko lana egitera hurbiltzen diren langile guztiei. Proba horren emaitzak egiaztatuko du pertsona horrek une horretan COVID-19agatiko infekzioa aktibo duen, eta berehalako neurriak ezartzeko aukera emango du, gaixotasunaren transmisio-kateak eteteko.

Txertaketa-ziurtagiria ere eskatuko da, eta COVID-19ren aurkako txertoa ez bada jaso, Janssenen dosi bakarreko txertoa ematea eskainiko da.

Baheketa egiteko eta Janssen txertoa jartzeko dispositiboa Laguardiako pilotalekuan egongo da irailaren 20tik urriaren 15era bitartean.

Arabako ESIko eta Osakidetzako Arabako Errioxako ESIko kontaktuen jarraipen-taldeek, gainera, taldeetako bat esklusiboki bideratuko dute mahats-bilketaren kanpaina osoan segimendua egitera. Eta, era berean, talde hori arduratuko da langileren bat positibo izanez gero eta kontaktu estua izateagatik berrogeialdia bete behar izanez gero isolamendu-neurri egokiak hartzeaz.

Informazio-kanpaina egiten ari da enpresa kontratatzaileen eta enplegatuen artean, eskura dituzten baliabideak eta une bakoitzean bete beharreko protokoloak ezagut ditzaten. COVID-19aren inguruko informazioari buruzko web-atalean informazio-orriak eseki dira, 6 hizkuntzatan: euskara, arabiera, portugesa, frantsesa, ingelesa eta gaztelania. (esteka)

 

Vitoria-Gasteiz, 2021eko irailak 07