Hasiak dira Barakaldoko Gurutzetako plazako iriste-erraztasuna eta hiri-izaera hobetzeko lanak

0
Hasiak dira Gurutzetako plazako iriste-erraztasuna eta hiri-izaera hobetzeko lanak
1,4 milioi eurokoa da aurrekontu osoa, eta, sei astekoa, berriz, egiteko epea. Auzoetako bizilagunen eskariei erantzunez, atseden-gune estaliak edo jesartzeko gune gehiago sortu ditu Hiriko eta Auzoetako Lan eta Zerbitzu Arloak zuzendari duen Jon Andoni Uriak.

Gurutzetako plaza auzotarren joan-etorrietarako itxita dago dagoeneko, urteetan izan duen erreformarik handiena egin ahal izateko. Barakaldoko Udala dagoeneko hasi da obrak egiten, eta, horrela, erdiguneko plazaren segurtasuna hobetzeaz gain, atsedenerako espazio estali, haur-parke eta adinekoentzako ariketa-gune gehiago sortuko dira. Lanek 1,4 milioi euroko inbertsioa eragin dute, eta 10 hilabeteko egikaritze-epea aurreikusten da.

Lan honen helburuak lautan laburbil ditzakegu: espazio honen iriste-erraztasuna hobetzea; auzoarentzako bilgune eta aisialdirako gune izateko igarobide izatea lortzea; adingabeak eta adinekoak dituzten familientzako erabilera-eremu desberdin eta espezifikoak sortzea eta orain plazan nagusi den asfaltoaren grisa desagerrarazi eta berdeguneekin irudi alaiagoa eta dinamikoagoa ematea. «Auzokoek helarazi dizkiguten eskariak jaso ditugu, eta, horregatik, plazako pergolen antolaketa hobetuko dugu atseden-guneak hobetzeko, atseden-eremutik bereizitako jolasgune gardenagoa izateko, banku gehiago sortzeko», azaldu du Jon Andoni Uria Auzoetako eta Hiriko Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.

«Plazaren izaera urbanoa berreskuratu behar genuen, eta herritarren joan-etorriak arinago eta atseginago bihurtuko ditugu, plazaren bi aldeak hobeto lotuz, paisaian integratuta», adierazi du Uriak. Horretarako, harmaila batzuk sortuko dira, inguruneaz gozatzeko «eta plaza inguratzen duen zuhaitza errespetatuz egingo dugu, 8 akazia inbaditzaileak izan ezik, horiek kendu egin behar ditugu, inbaditzaileak direlako, eta inguru horretatik gertu konpentsatuko ditugu», iragarri du Uriak. «Lan garrantzitsua da, izan ere, Gurutzetako plazan jende asko ibiltzen da. Plaza atseden hartzeko, gozatzeko eta jolasteko gune bihurtzea nahi dugu «.