OSALANek lankidetzan dihardu COVID-19 geldiarazteko EAEko nekazaritza arloko sasoikako lanean

0

Iaz bezala, Eusko Jaurlaritzak jarduera-protokoloa aktibatu du sasoikako langileak lurraldeen artean mugitzeak sortzen dituen arazoei aurre egiteko. Izan ere, oraindik ere COVID-19k sortutako pandemiaren egungo egoerak berariazko errefortzua eskatzen du bermatu ahal izateko ostatu- eta lan-baldintzak zein birusaren aurrean prebentzioa eta babesa.

Hori horrela, Lan eta Enplegu Sailak parte hartzen duen Sasoikako lanaren ohiko Mahaira bildu da Osalan, Euskadi-Preben 2020-2025 Estrategiaren esparruan. Hala, Osasun Sailak, Osakidetzak, Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak eta Osalanek  ahaleginak koordinatu dituzte nekazaritza-kanpainetara joango diren profesionalen mugitzeak planifikatzeko eta kontrolatzeko; besteak beste, mahats-bilketaren eta patataren kanpaina orokorretan.

Protokoloak, iazkoa eguneratuta, alderdi bakoitzak dituen erantzukizunak eta betebeharrak ezartzen ditu, profesionalak kontratatzeko eta sartzeko plangintza, informazio-sistema, zaintza eta kontrol epidemiologikoa, garraioaren eta lekualdatzearen antolaketa, landa-lanaren protokoloa, higiene-neurriak eta norbera babestekoak, ostatuetako protokoloa, positiboen eta kontaktu estuen kudeaketa, eta abar.

Osalanen parte-hartzea, batez ere, kontaktu estuen ikerketan, identifikazioan eta trazabilitatean oinarritzen da. Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuen bidez, lan-arloko kontaktu estuen kontrola eta jarraipena bermatuko da.

Azken finean, helburu dugu sasoikako lanaren inguruko prozesu guztietan osasun-bermeak ematea.

Informazio guztia (protokoloak, liburuxkak, bideoak, infografiak) OSALANen webgunean dago eskuragarri (www.osalan.eus)