DSS Market Plazak ‘Eskolara itzulera‘ arinduko du, 25 eurorainoko deskontuekin

0

DSS Market Plaza online salmentaren eta zerbitzuen plataforma digitalak, Donostiako merkatari txikikariak biltzen dituenak, eskaintzen kanpaina bat abiarazi du ‘Eskolara itzulera’ errazteko.

Eskaintza horretan 400 produktu baino gehiago daude, eta herritarrek deskontu handiekin eskura ditzakete horiek. 30 euro baino gehiagoko erosketen kasuan (erosketa bat pertsonako), 20 euroko hobaria aplikatzen da automatikoki. Horri %10eko deskontua gehitu behar zaio (produktu bakoitzeko 5 euro gehienez); deskontu hori jada aplikatuta dago webeko prezioetan, ‘Eskolara itzulera’ kanpainako gaietan.

Erosketak irailaren 9a eta urriaren 9a bitartean egin daitezke webean. ‘Lehenengo erosketa’ sustapenaren onuradun izan ziren pertsonek aukera dute hobaria duen bigarren erosketa bat egiteko.

Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak honakoa adierazi zuen: “Donostiako Sustapenak DSS Market Plaza plataforman parte hartzen duten tokiko saltokiei deia egin die ‘Eskolara itzulerarekin’ loturiko produktuen aukeraketa bat egin dezaten eta produktu horiek herritarren esku jar ditzaten. Horien salmenta sustatuko dugu, 20 euro baino gehiagoko zenbatekoekin. Ekintza honek helburu bikoitza du: alde batetik, tokiko ekonomia berpiztea eta tokiko saltokiak babestea. Eta, gainera, herritarrei laguntza ematen diegu, egun hauetan izaten diren gastuei aurre egin diezaieten. Duela gutxi estreinatu dugun DSS Market Plaza plataformaren bidez egiten dugu hau. Plataforma hori oso ondo dabil, eta, pixkanaka, Donostiako herritarren artean finkatzen ari da, tokiko saltokietan online erosteko tresna gisa”.