Cristina Eneak «saguzar gaua» biziko du

0
PRUEBA

Datorren irailaren 18an, larunbata, Donostiako Udaleko Ingurumen Sailak «saguzar gaua» antolatu du Cristina Enea parkean, Naturtzaindia elkartearen eskutik.

Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak adierazi duenez, «animalia hauek zinemak eta literaturak lagundu duten fama txarra izaten dute. Saguzarrak ez dira oso ezagunak herritar gehienentzat, nahiz eta garrantzi handia duten ekosistementzat eta, oro har, gizartearentzat«.

Jarduera Cristina Enea parkean egingo da 19:30etik 21:00etara. Naturtzaindia saguzarren inguruan ikertzen ari den eta Gipuzkoako lurraldean ugaztun horren atlas bat amaitzear dagoen elkarteko hiru adituk zuzenduko dute jarduera, eta 60 pertsonak parte hartu ahal izango dute bertan, irailaren 17a baino lehen ingurumena@donostia.eus helbidean izena eman ondoren.

Jarduera osoan zehar saguzarren xehetasunak, ezaugarriak, bizi-zikloa eta mehatxuak azalduko dira panelen bidez. Horrez gain, saguzar-habia bat eta horiek detektatzeko erabili ohi diren aparatuak ere ikusi ahal izango dira.

Ilundutakoan, saguzarren deiak entzun ahal izango dira soinu detektagailuen bidez, eta espezieak identifikatu ahal izango dira. Gauez ez da arraroa ugaztun hauek hiriko hainbat gunetan hegan ikustea.

Eguraldi txarra eginez gero, jarduera eten egingo da, ezinezkoa izango baita animalia horiek detektatzea.