Etxebizitza Azpeitiko Udalak lagatako Esklaben eraikineko 48 zuzkidura-bizitokien obrekin hasi da

0

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Azpeitiko Udalak lagatako Esklaben eraikinean eraikiko dituen alokairuko 48 zuzkidura-bizitokietako obrekin hasi da. Pablo García Astrain Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariak eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, ostiral honetan, antzinako komentuan erabiltzen ez den zatian egiten ari diren jarduketak bisitatu dituzte; zati horretan, 2023aren amaierarako, gazteentzako eta merkatu librean etxebizitza bat eskuratzeko orduan zailtasun gehien dituzten kolektiboentzako alokairuko apartamentuak egingo dira.

Bi erakundeek adostu duten proiektua etxebizitza-eredu berria izango da Azpeitiarentzat; zuzkidura-bizitokien bidez, beste jauzi bat emango du haren etxebizitza-politikan. Historia luzea duen eraikinean egongo diren etxebizitza horien eredu berritzailearen bitartez etxebizitzaren premiari erantzun nahi zaio, bereziki baliabide gutxi duten azpeitiarren eta gazteen beharrari, emantzipaziorako bide emateko. Eta, hala, bizi-kalitatea hobetu nahi da politika publikoen bidez.

Proiektua Azpeitiko Udalak Etxebizitza Sailari lagatako Jesusen Bihotzaren Esklaben antzinako komentuko –Loiolako etorbidean dago– ekialdeko hegalean kokatzen da, eta bizitoki-erabilerarako xedea du. Lanetan, eraikinaren birgaitzea sartzen da, bai eta apartamentuak egiteko eraikinaren egokitzapena ere; hala, 7.951 metro koadroko espazio horretan –aurretik ikastetxe gisa erabiltzen zen–, txandakatzeko aldi baterako erabilera izango duten 48 apartamentu sortuko dira, eta haietako gehieneko egonaldi-epea 5 urtekoa izango da. Zuzkidura-bizitokiak gazteen emantzipaziorako bide emateko formula dira; gazteek hilean ordainduko duten kanonak ez du inolaz ere gaindituko haien diru-sarreren % 30.

48 zuzkidura-bizitokiak komentuko ekialdeko hegaleko hiru solairutan –beheko, leheneta bigarren solairuak– banatuko dira. Solairu bakoitzeko forjaketen egiturazko errefortzua egingo da; esku-hartze hori beharrezkoa da, espazioari bizitoki-erabilera emateko. Erdisotoak eta teilatupeko solairuak ez dute bizitoki-erabilera izango, eta biltegirako, instalazioetarako eta bizikletak gordetzeko erabiliko dira. Beheko solairuan 16 bizitoki egongo dira; haietako 11 logela bakarrekoak izango dira eta bost, bi logelakoak. Goiko bi solairuetako bakoitzean, logela bateko 10 egongo dira eta biko 6. Apartamentuetako bi mugikortasun urria duten pertsonentzat egokituta egongo dira, eta berokuntza-sistema zentrala izango da; efizientzia handiko galdara izango dute, biomasa erregaiarekin eta gas-galdararekin eskari handiko uneetarako.

Pablo García Astrain Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariak, bisitan, obren balioa nabarmendu du: “obra hau abian jartzean, etxebizitza sortzeko modu berria ari gara garatzen, alegia, erabiltzen ez diren eraikinak berrerabiltzekoa; birgaitzeak, lurzoru gehiagorik kontsumitzeko beharrizanik gabe, bizitokien eskaintza areagotzeko ere balio du. Ondare-balio bereziko adibide horren ondoren, laster, beste batzuk egongo dira: Arrasateko Sindikatuen Etxea eta Eibarko antzinako epaitegiak, besteak beste. Zuzkidura-orubeen aprobetxamendua eta zuzkidura-bizitokietarako dauden eraikinen berrerabilera Europa mailan Housing Europe-k eginiko 50 soluzio berritzaileenetako bat gisa aitortu da”.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eskerrak eman dizkio Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari, proiektua gauzatzeko proaktibitateagatik. “Zuzkidura-bizitoki horiek beste jauzi bat gehiago dira udalak sustatzen dituen etxebizitza-politika publikoetan. Apartamentu horien bitartez, gure udalerriko eraikin historiko bat zaharberrituko dugu, eta etxebizitza-eredu berria eta berritzailea izango dugu etxebizitza duina eskuratzeko zailtasun gehien duten pertsonentzat. Egunero ari gara lanean azpeitiarrek haien bizi-proiektua gure udalerrian eraiki ahal izateko, eta etxebizitza horiek horretan lagunduko dute. Eskerrak eman nahi dizkizuet, jendaurrean, Azpeitiko etxebizitza publikoaren eskaintza areagotzeko eginiko inbertsioagatik eta lanagatik; espero dugu elkarrekin  lanean jarraitzea, obra horien xedea bete eta proiektu berrietan lan egin ahal izateko”.

Ezohiko esku-hartze horretan fatxaden irudi eta jatorrizko materialei eutsiko zaie, eta estaldura berria erabiliko da hegalaren mutur amaitu gabean. Etxebizitza Sailak obrak 5,46 milioi euroan esleitu ditu, eta kopuru horren barruan sartzen dira komentuko ekialdeko hegalaren birgaitzea eta ingurunearen urbanizazioa. Obrak amaitzeko, 26 hileko epea dago; dena aurreikusi bezala badoa, 2023aren amaieran bizitokiak esleitzeko prozesua hasi ahalko da. Esleipena honako hauen artean egingo da: Etxebiden izena emanda egon eta eskakizunak betetzen dituztenak –bizikidetza-unitateak 4 kide baino gehiago ez izatea, etxebizitzarik jabetzan ez izatea eta urtean haztatutako 3.000 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrerak izatea–. Une hauetan, Azpeitian 588 etxebizitza-eskatzaile daude; haietatik, erdiak, gutxi gorabahera, % 46,6k, errentamendu-erregimenean egiten dute.

Inbertsioa Etxebizitza Sailak hartzen du bere gain, erabat, eta hark kudeatuko ditu zuzkidura-bizitokiak, Alokabide alokairuko sozietate publikoaren bidez. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak 1.600 apartamentu baino gehiago ditu; haiek, dagoeneko, erabiltzen ari dira edo eraikitzen ari dira, eta haietako 830 Gipuzkoan daude.