Gotzone Sagardui: «Hiru astetan Euskadin 12 urtetik gorako biztanleen % 90ek jarraibide osoa izango du»

0
PRUEBA

Gotzone Sagardui Osasun sailburuari elkarrizketa egin diote gaur goizean Radio Euskadiko «Boulevard» saioan, eta bertan adierazi duenez, «Hiru aste barru 12 urtetik gorako biztanleen % 90ek txertoaren jarraibide osoa izango dute«. Txertaketa-zifra altuak gorabehera, gaur egun 12 urtetik gorako EAEko biztanleen % 84k jarraibide osoa du, Estatuko batez bestekoa baino ia hamar puntu gehiago, Osasun sailburuak dei egin die txertoa jartzea erabaki ez duten edo txertoa hartzeko aukera izan baino bi hilabete itxaron behar duten pertsona guztiei, hitzordua hartzera anima daitezen, «haien onerako eta gizartearen onerako».

Kopuru horiek medio, eta kontuan hartuta txertoa jartzeko zain dagoen xede-populazioak nabarmen egin duela behera, Gotzone Sagarduik iragarri du Osakidetzaren ustez ez dela beharrezkoa errendimendu handiko txertaketa-guneak irekita mantentzea, eta, beraz, datorren irailaren 30ean ixtea aurreikusi du. Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuaren esanetan, «Errendimendu handiko txertaketa-puntuek antolaketa- eta logistika-ahalegin handia eragin dute profesionalen aldetik, eta horrek pandemiaren ibilbidea aldatzea ahalbidetu du».

Egungo egoera epidemiologikoari dagokionez, Sagardui sailburuak azpimarratu du gaur, ekainetik lehen aldiz, 100 mila biztanleko 200 kasutik behera egingo duela Euskadik. «Intzidentzia altua da, baina bide onetik goaz. Guztion artean egiten ari garen ahalegin honek emaitzak emango dizkigu eta datozen asteei itxaropentsu begiratzeko arrazoia dela uste dut «, adierazi du. Hala ere, zuhurtziari eutsi behar zaiola azpimarratu du, «ez dugulako pandemiarekin amaitu».

Prebentzio-neurriei buruz galdetu diotenean, esan du neurri horiek unean uneko egoerara egokituko direla, beti egin den bezala. «Ondo bagoaz, neurriak ere hobera egokitzen joango dira», gaineratu du.

Halaber, Osasun sailburuak hirugarren dosi gehigarriaren gaia aipatu du elkarrizketan, eta baieztatu du Euskadin immunogutxitze larriko egoeran dauden 4.500 pertsonen kolektiboari hitzordua emanten hasi direla, COVID-19ren aurkako hirugarren dosirako. Hirugarren dosi hori egoitzetan dauden adineko pertsonei desgaitasuna duten pertsonei emateko aukerari buruz, Sagarduik gogorarazi du Euskadik, bai Osasun Publikoaren Batzordean, maila teknikoan, bai Lurralde arteko Kontseiluan, maila politikoan, eskatu zuela Txertoen Lantaldeak berrikus zitzala lehenetsi beharreko talde guztiak, eta, bereziki, ahalik eta lasterren eman zezala iritzia egoiliarren taldeari buruz, bai eta etxean dauden adinekoen taldeari buruz ere. «Hirugarren dosi hori behar dela erabakitzen bada, gu prest gaude txertaketa horri ekiteko, kolektibo horren beharretara egokituta», azpimarratu du.