Javier Hurtado sailburuak eta Santurtziko alkateak aktibo turistikoak bultzatzeko hitzarmena sinatu dute, 315.000 euroko zenbateko izango du

0

Gaur sinatu dute Santurtziko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak aktibo turistikoak bultzatzeko eta balorizatzeko hitzarmena. Hitzarmena biltzen da Lehentasunez Jarduteko Eremuetako aktibo turistikoen planean, eta plan hori Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu programaren 6,5 milioi euroko ezohiko ekarpenarekin egikarituko da. Horren bidez, zenbait udalerritan eta eskualdetan turismo-jarduketak gara daitezen lortu nahi da, turismoaren arloko trakzio-proiektuen bidez ekonomia eta enplegua susper dadin.

Sailburuak azaldu duenez “hitzarmen horrek agerian uzten du Sailak turismo jasangarriaren alde egindako apustuaTurismo-eskaintza aberatsa eta askotarikoa bultzatuko da, eta desestazionalizazioa eta tokiko garapena sustatzen duten produktuen alde egingo da”. Produktu horien artean industria-turismoa dago. “Bizirik dagoen industria-memoriari bultzada emateko gaude gaur hemen, industria-memoria Euskadiko turismoarentzat garrantzi handiko ardatz gisa indartzen ari baita”.

Sailburuak nabarmendu duenez, erakundeen arteko lankidetza “erakunde gisa indartzeko modu bat da, zerbitzu hobea egiteko bidea; hartara, elkarri lagunduko diogu, eta lurraldeen hobekuntzan eta tokiko garapenean eraginik handiena duten beste administrazioen proiektuak sustatuko ditugu”.

Lehentasunez Jarduteko Eremuetako aktibo turistikoen planari esker, turismo-jarduketak jarriko dira abian zenbait udalerri eta eskualdetan. Ezkerraldean industria-ondarearen eta itsasadarraren balorizazioari ekingo zaio, bertako zenbait udalerritako askotariko jarduketen bidez. Besteak beste, langile-ibilbideak suspertzeko, diseinatzeko edo sustatzeko programak, industria-turismoko espazioak birgaitzeko programak edo bide berdeak egokitzeko programak bultzatuko dira.

Zehazki, Santurtzin 315.000 euro inbertituko dira Agurtza Bonitera itsasontzia birgaitzeko, euskal kostaldean geratzen den arrantza tradizionaleko zurezko azken ontzietako bat baita, eta makina birgaitzeko.