Donostiako Udalak hiriko kirol elkarteak animatu nahi ditu entrenamenduak euskaraz egitera

0

“Guk kirola baino gehiago egiten dugu. Guk euskaraz entrenatzen dugu”. Lelo hori erabiliko du Udaleko Euskara Zerbitzuak haur eta gazteen entrenamenduak euskaraz izan daitezen mezua zabaltzeko. Sare sozialen bitartez, irailaren 13tik 27ra bitartean, martxan izango den komunikazio kanpainak bi helburu ditu: Udalarekin elkarlanean, KEES (Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko) metodologia erabilita, euskara sustatzen ari diren hiriko kirol elkarteak ezagutzera ematea batetik, eta bestetik, haur eta gazteekin lan egiten duten gainerako kirol elkarteak sentsibilizatzea entrenamenduak euskaraz egitera anima daitezen.

Kirola esparru estrategikoa

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren helburu estrategikoetako bat da euskararen erabilera sustatzea kirol esparruan. Gazte asko kirolari lotuak bizi dira, beraien aisialdian kirola egiteak garrantzia handia du eta ordu asko ematen dute horretan. Bestalde, gazteek dute euskara gaitasun gehien eta baldintza onenak euskara erabiltzeko gaur egun.

Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotziaren esanetan “15 urte azpiko donostiarren %97k ulertzen du euskara. Alde horretatik, ez dago inongo arazorik euskara entrenamenduetako hizkuntza nagusia izateko. Bestalde, entrenatzaileen hizkuntza gaitasuna garrantzitsua da oso, eta horretan ere aurrerapauso asko egin dira8. Horri dagokionez, Insaustik gogoratu du Eusko Jaurlaritzak indarrean duen Kirolean euskara sustatzeko planak entrenatzaileekin edota epailearekin harremanak euskaraz izan daitezen sustatzea helburu duela.

17 kirol elkarte KEES metodologia erabiltzen

Udaleko Euskara Zerbitzua elkarlanean ari da hiriko 17 kirol klubekin euskara entrenamenduetan erabiltzeko ohitura finkatzeko. Jon Insausti zinegotziak kirol elkarte horien jarrera eta lana azpimarratu du. “Kirol klub horiek ahalegin handia egiten ari dira entrenatzaile euskaldunak kontratatzeko eta entrenamenduak hizkuntza horretan aurrera eramateko. Bide hori errazteko, KEES (Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko) metodologia inplementatzen laguntzen diegu. Metodologia honen bitartez, jokalarien hizkuntza aktibazioa eragiteko estrategiak jasotzen dituzte”.

Covid 19k sortutako osasun krisiak bertan behera utzi zuen Udalaren egitasmoa. Ordura arte, 17 kirol elkarte horietako 144 talde eta 1550 gazte ari ziren euskaraz entrenatzen KEES erabilita. Hastear den 2021-2022 denboraldian kirol elkarte gehiago egitasmo horrekin bat egitea da helburua.