Eusko Jaurlaritzak %16 igoko du euskaltegi pribatuen finantziazioa 2021-2022 ikasturtean

0

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2021-2022 ikasturterako euskaltegien matrikulazio kanpaina aurkeztu du gaur Bilbon, Ulibarri euskaltegian. “Euskara mundu oso bat doan” lemapean egingo da aurtengo kanpaina eta interesa duten ikasleek gaurtik aurrera eman ahal izango dute izena. Euskal Autonomia Erkidegoan guztira 103 euskaltegi daude eta iazko datuak kontutan hartuta 32.000 lagunek ikasturte berri honetan izena ematea aurreikusten da. Gainera 2021-2022 ikasturtean B2 mailara bitarteko doakotasuna sustatzeko asmoari eusten dio Eusko Jaurlaritzak. Horretarako 3.133.000 euro bideratuko ditu Kultura eta Hizkuntza Politika sailak.

Bilbon egindako prentsaurrekoan Zupiria sailburuarekin batera Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, HABEko zuzendari Jokin Azkue, Ulibarri euskaltegiko zuzendari Patxi Agirregomezkorta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundietako ordezkariak, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udaletako ordezkariak, EUDEL-ekoak, UEMAkoak eta euskaltegietako ordezkari eta ikasleak egon dira.

Diru-laguntzak

EAEn guztira 40 udal euskaltegi daude eta Eusko Jaurlaritzak beraien finantziaziora bideratzen den diru-kopurua mantenduko du. Guztira 12,7 milioi euro bideratuko dira udal euskaltegien finantziaziora.

Euskaltegi pribatuen kasuan aldiz, gogoratu beharrekoa da, legealdi honetako konpromisoetako bat dela irakasleen lan-baldintzak hobetzea eta helduen euskaldutzean ari diren gizabaliabideen egonkortasuna sustatzea. Konpromisoa lau ikasturtetarako da eta aurten 26.085.000 euro bideratuko dira euskaltegi pribatuen finantziaziora, aurreko urtean baino %16,4 gehiago. Guztira 57 euskaltegi pribatu homologaturi, 6 autoikaskuntza zentro homologaturi, 24.300 ikasleri eta 1.500 langile ingururi eragingo die hobekuntza honek. Zupiriak azaldu duenez “datozen lau ikasturteetan euskaltegi pribatuen finantziazioa indartzen joango da udal euskaltegietako irakasleen lan-baldintzetara hurbiltzeko bai irakasle ordutan zein soldatetan”. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gogorarazi duenez, 2020-2024 legealdirako Gobernu Programak ere batzen du konpromiso hori: “helduen euskalduntze-sistemaren finantziazioa indartzea eta handitzea, irakasleen lan-baldintzak hobetzeko euskaltegien finantziaziorako ohiko deialdien bidez”.

COVID garaia euskaltegietan 

Amaitzen doan 2020-2021 ikasturtea COVID-19ak baldintzatutakoa izan da eta ondorioz, euskaltegiak ere egoera berrietara moldatu behar izan dira. Osasun egoeraren ondorioak atzeman diren arren % 8,6 baino ez du egin behera matrikulazioak eta 32.000 ikasle inguruk eman zuten izena euskaltegietan. Zupiria sailburuak eskerrak eman dizkie euskaltegietako ikasleei, irakasleei eta arduradunei amaitzera doan ikasturtean egindako ahalegin bereziagatik.

Hala ere, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak gogoratu duenez “azken bi urteetan jauzi handia eman da euskaltegietan bizi dugun osasun egoerari ahalik eta modurik egoki eta eraginkorrean erantzuteko. Egoera honek hainbat esparrutan aldaketa-prozesuak bizkortu ditu, besteak beste eraldaketa pedagogiko eta teknologikoa azkartu egin da. Horretarako ikas-irakaskuntza erdi-presentzial eta ez presentzialean teknologia berriak erabili dira”. 2020-2021 ikasturtean autoikaskuntza tutorizatuak indar handia hartu zuen baina ikasle gehienek aurrez-aurreko ikaskuntza aukeratu zuten. Iazko ikasturteak ikasteko eta egokitzapenak egiteko balio izan zuela narbarmendu du Zupiriak eta oraingoan ere “euskaltegiak euskalduntzeko zerbitzuak kalitate onarekin emateko prest” daudela gaineratu du. Hori dela eta, Zupiria sailburuak herritarrak euskara ikastera gonbidatu ditu “zerbitzu egokia eta beraien beharretara egokitua jasoko dutelako”.

Ikasleen profila

2020-2021 ikasturtean EAEko 103 euskaltegietan izena eman zuten 32.000 ikasletatik %65 emakumeak izan dira. Adinari dagokionez, ikasleen bataz besteko adina 36 urtekoa izan zen. Ikasle gehienak C1 maila gainditzeko eman zuen izena %30, eta %22k  B2 maila gainditzeko erronkarekin ekin zion ikasturteari.

Euskaltegi pribatuak ugariagoak direnez, bertan eman zuen izena ikasle kopuru handienak %76 eta gainontzekoek udal euskaltegietan. Ikasleen %77-ak eskola presentzialen alde egin zuen, %3-ek erdi presentzialaren alde eta %20-ak autoikaskuntza aukeratu zuen.